Faxismoari aurre! lelopean, hainbat ekintza antolatu du Zestoako Gazte Asanbladak datorren ostiralerako, azaroaren 15erako. Antolatzaileek azaldu dutenez, jardunaldiak antolatzeko arrazoia kezka batetik abiatzen da: "Azken urteotan, faxismoaren gorakada nabarmena da nazioartean. Aste honetan, agerian gelditu da hori. Alde batetik, Espainian nabarmena izan da ultraeskuinak hauteskundeetan izan duen gorakada. Bestetik, estatu kolpea izan da Bolivian. Horrenbestez, herritarrak faxismoaren auziaz kontzientziatzeko eta mobilizatzeko antolatu ditugu jardunaldiak".
Horregatik,"gaur egungo testuinguru politikoari begira jartzeko eta horren gainean sakoneko analisia egiteko" aukera eskainiko du ostiraleko jardunaldiak. Besteak beste, hitzaldia, elkarretaratzea eta kontzertuak antolatu dituzte ostiralerako.
Arratsaldean ekingo diote prestatutako egitarauari. 18:30ean hasita, Faxismoa XXI. mendean hitzaldia eskainiko dute. Hitzaldian zehar, faxismoak historian zehar izan duen indarraz eta jokatu duen rolaz arituko dira solasean. Horrez gain, "faxismoaren forma berriak" izango dituzte hizpide, eta azken boladan jazotzen ari diren zenbait gertaeraren inguruko azterketa egingo dute. Gazte asabladako kideek azaldu dutenez, "gazte langileei faxismoaren gorakadaren arrazoiak ulertzeko zenbait gako eskaintzea" da jardunaldien helburua, "faxismoa errotik borrokatzeko".
Faxismoaren aurrean mobilizatzeko deia
Hitzaldiaren ostean, 20:30ean, elkarretaratzea egingo dute Zestoako plazan, Zestoako Gazte Asanbladak eta Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) deituta, Faxismoa errotik borrokatu. Gazte langileok tinko! lelopean. "Faxismoaren gorakada dela eta munduan zehar garrantzi handiko gertakariak jazotzen ari dira. Protesta masiboak, gerra komertzialak, goseteak, blokeo ekonomiko kriminalak... Faxismoa langileriaren kontzientzia eta antolakuntza falta elikatzen ari da etengabe. Estatu espainiarrean eta Europako Batasunean faxismoak izandako gorakadari aurre egitea gure eginbeharra da. Ezin ahaztu azken asteotan Bolivian gertatzen ari dena. Faxismoaren eta burgesia internazionalaren aliantzaren isla nagusi izan den estatu kolpe kriminal bezain koldarra", azaldu dute deitzaileek.
Gauean, 21:00etan, afaria izango da Zestoako Gaztetxean, eta 22:00 aldera Ondarru Crew taldearen kontzertua izango da.