Gaur, asteartea, Kyrgyzstan 2019 solasaldiarekin hasi da Zestoako Mendi Astea. Iratxe Amenabarrek eta Urtzi Zelaiak Kirgizistanera eginiko bidaia azaldu dute Portale kulturgunean, eta dozenaka herritar joan da haien bizipenak entzutera. Kirgizistan herrialdean egindako ibilaldiak eta bidaiako uneak izan dituzte hizpide hizlariek, eta bidaian ateratako argazkiekin osatutako bideo bat ere erakutsi dute. Horren ostean, herritarrek Amenabarri eta Zelaiari galderak egiteko aukera izan dute.
Ostiralean, hilak 15, izango da Mendi Asteko bigarren hitzordua. Arrastoan dokumentala ikusteko aukera izango da Portalen, Euskaldunek 1974an Laponiara egindako lehen bidaiaren arrastoari jarraituz, hiru lagunek herrialde horretan egindako zeharkaldia erakusten duen dokumentala.
Asteburuan, berriz, bi ibilaldi izango dira. Alde batetik, larunbatean, hilak 16, 12 eta 16 urte arteko gaztetxoentzat BTT irteera izango da. 16:00etan aterako da txangoa Zestoako gurutzetik. Irteera horretan parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute Gaztelekuan, azaroaren 15a baino lehen. Bestetik, igandean, hilak 17, ibilaldi neurtua izango da 09:30ean plazatik abiatuta. Ibilbidea honakoa izango da: Zestoatik Lasaora, Lasaotik Trukuman baserrira, handik Ezenarro baserrira, eta azkenik, Ezenarrotik Zestoara. Txangoan parte hartu nahi duten herritarrek hilaren 15a baino lehen eman beharko dute izena, Herri Eskolan.
Hona hemen Mendi Asteko egitarau osoa:
- Azaroak 15, ostirala. Arrastoan dokumentalaren emanaldia eta solasaldia Aitor Ossarekin. 19:00etan, Portalen.
- Azaroak 16, larunbata. BTT irteera gaztetxoentzat. 16:00etan Zestoako gurutzetik abiatuta.
- Azaroak 17, igandea. Ibilaldi neurtua. 09:30ean plazatik abiatuta.