Lipdub batekin aurkeztu du Aizarnako Eskolak 2020ko Eskola Txikien jaiaren logotipoa

Urola Kostako Hitza 2019ko azaroaren 12a

Herritarrei ideiak eta proposamenak aurkezteko aukera eman zieten, eta eskolako guraso batek aurkeztutakotik abiatuta osatu dute irudia. Hori oinarri hartuta, datorren urteko ekainaren 14an ospatuko duten festa diruz laguntzeko kamisetak eta jantziak prestatzen ere hasi dira.

Aizarnan izango da Gipuzkoako Eskola Txikien 2020ko jaia, eta Aizarnako Eskolak dagoeneko aukeratu du festa egun horren logotipoa. Logotipoa aurkezteko, berriz, goiko lipdub-a egin dute eskolako irakasleek eta ikasleek.

Datorren urteko Eskola Txikien jaia antolatzeko osatutako batzordeak aizarnar guztiei eman zien behar zuten logotiporako ideiak eta proposamenak aurkezteko aukera. Aurkeztutako guztien artean bat aukeratu zuten antolatzaileek, eskolako guraso batek egina, eta hark egindako proposamenetik abiatuta osatu dute azken irudia, bideoaren bukaeran ikus daitekeena.

Kamisetak salgai

Logotipoa aukeratuta, 2020ko ekainaren 14ko festa eguna finantzatzeko egingo duten kamiseta eta arropa salmenta antolatzen ari dira orain Aizarnan.

Hasteko, Gipuzkoako eskola txiki guztietara bidali dituzte jantzien erakusgaiak, nahi dituenak eskariak egin ditzan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide