Azpeitia eta Zestoa arteko Lasao auzoan atzo, ostirala, hasi zituzten samartinak. 20:00etan txupinazoa bota ondoren, bertso afaria egin zuten elkartean Andoni Egaña eta Maddalen Arzallus bertsolariekin. Afalondoa girotzeko trikitilarien saioa izan zuten lasaotarrek.
Gaurko festa egunean haurrak dira Lasaoko samartinetako protagonistak. Eguerdian umeek bota dute txupinazoa, eta ondoren auzoko haurrek bazkaria egin dute, eta puzgarrietan jolasean ibiltzeko aukera izan dute. Urteroko ohiturari hutsik egin gabe, txokolate beroa jateko aukera ere izan dute auzoko txikienek.
Bihar, igandea, eta astelehenean ere hainbat ekitaldi izango dute Lasaon:
- Bihar, igandea.
11:30. Zestoako Idiakaitz txistulari taldearen kalejira.
11:30. Lasaoko erraldoien eta buruhandien kalejira.
11:30. Lasaoko abere eta nekazal produktuen azoka.
14:30. Bazkari herrikoia.
- Azaroak 11, astelehena. San Martin eguna.
11:00. Meza. Zestoako Parrokiako abesbatza izango da bertan.
11:30. Auzoko jubilatuentzat hamaiketakoa.