Eguraldi iragarpenen ondorioz, bertan behera geratu da Zestoan egitekoak ziren ibai garbiketa

Urola Kostako Hitza 2019ko azaroaren 8a

Urola ibaia eta errekak auzolanean garbitzeko hitzordua zehaztuta zuten zestoarrek iganderako, Eguzkik eta Zestoako Udalak deituta. Ordea, euria eta hotza dago iragarrita egun horretarako, eta horrenbestez, bertan behera utzi dute ekintza.

Udaleko Ingurumen batzordeak atzo, osteguna, erabaki zuen ibai garbiketa atzeratzea, eguraldi iragarpena kontuan izanda; Sastarrainerreka eta Arroaerreka inguruak nahiz Iraetako Errota industrialdearen inguruko ibai zatiak ziren garbitzekoak, besteak beste.

Urola gurea ere badelako izenpean prestatutako egitasmoaren ekintzetako bat zen igandeko auzolana. Bestalde, Jabier Arenas azpeitiarrak sortutako Urola Ibaia dokumentala eman zuten asteazkenean Gaztelekuan, egitasmo horren barruan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide