Baionan gizon bat atxilotu eta espetxeratu dute, bere emaztea hil duelakoan. Larunbatean deitu zion hark Poliziari, emaztea etxean hilda aurkitu zuela eta. Ostegunean eramango dute 52 urteko gizona epailearen aurrera; gisa bereko delituengatik aurrekariak ditu atxilotutako gizonezkoak, Berria.eus-en gaur jaso dutenez. Senperen (Lapurdi), berriz, beste gizon bat atxilotu du Frantziako Poliziak 19 urteko neska bati sexu erasoa egiteagatik. Atxilotutako gizonak 47 urte ditu, eta atxilotu ostean, neskari eraso egin ziola aitortu du.
Azken egunetan Lapurdin jazotakoak salatzeko elkarretaratzeak deitu dituzte eskualdean. Azkoitian gaur arratsalderako jarri du hitzordua Sostenipe talde feministak; 19:30ean egingo dute elkarretaratzea, plazan, Erasorik ez erantzunik gabe leloarekin. Azpeitian, Zumaian eta Zestoan, berriz, bihar elkartuko dira. 19:00etarako deitu ditu herritarrak herriko plazara Azpeitiko Basanderiek talde feministak, Emakumeon* aurkako indarkeriarekin amaitu leloarekin; Azpeitiko Udalak ere bat egin du salaketarekin eta deialdiarekin. Zumaian Saregileen plazan elkarretaratuko dira. Zestoan, bihar 20:00etan egingo dute plazan egoera salatzeko elkarretaratzea, Bargaztak talde feministak deituta.