Energia berriztagarrien inguruko tailerrak eskainiko dituzte Azkoitian, Azpeitian eta Zestoan

Urola Kostako Hitza 2019ko azaroaren 6a

Herritarrek energia kontsumoa murriztu dezaten eta energia berriztagarriak erabil ditzaten, astelehenetik asteazkenera bitartean saio bana egingo dute Azpeitian, Zestoan eta Azkoitian. Doako tailerra izango da, baina ezinbestekoa da aurrez izena ematea.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta udalek antolatuta, etxebizitzetan energia berriztagarriak ezartzeko aukeren inguruko informazio saioak antolatu dituzte datozen egunetarako Azkoitian, Azpeitian eta Zestoan. Energia berriztagarriak zure etxean... posible da! tailerraren helburua da sektore desberdinetako herritarrei energia kontsumoaren murrizketa lortzea, eraginkortasuna handitzea eta energia berriztagarriak bultzatzea. Saioetan parte hartzeko, aurrez izena eman behar da. 

Azpeitian, datorren astelehenean elkartuko dira Basazabal jauregian, 18:30ean, eta herritarrek osteguna, azaroaren 7a, baino lehen eman beharko dute izena; hurrengo egunean, asteartean, Zestoan egingo dute saioa, ordu berean, Gaztelekuan, eta horiek ostiralerako eman beharko dute izena; azkenik, Azkoitian hilaren 13an, asteazkenez, egingo dute tailerra, 18:30ean, Elkarguneko Oteiza gelan, eta han parte hartu nahi dutenek hilaren 11ra bitartean izango dute izena emateko aukera. Saioa doakoa izango da, baina ezinbestekoa da aurrez izena ematea gema@izadi21.eus helbidera mezua idatzita edo 628 53 22 48 telefono zenbakira deituta –astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 16:30era–.

Tailerrarekin, energia berriztagarriak ezarri ahal izateko beharrezkoak diren irizpideak eta ezagupenak modu argian eta ulergarrian eskaini nahi dizkiote herritarrei. Izan ere, energia berriztagarrien ezarpenak hainbat aldaketa jasan ditu orain gutxi. Izaera praktikoa izango du saioak, eta energia berriztagarrrien instalazioak jarri ahal izateko baldintzez-eta hitz egingo du aditu batek. Aldi berean, Gipuzkoan martxan dauden instalazioetan sortutako energia nola erabil daitekeen azalduko du hark.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide