Zestoako Udalak eta Agiro Mendi Klubak hainbat ekitaldi antolatu dute Mendi Astearen barruan azaroaren 12tik 17ra bitartean. Astean zehar solasaldiak eta dokumental emanaldiak izango dira, eta asteburuan mendi irteerak.
Iratxe Amenabarrek eta Urtzi Zelaiak asteartean, hilak 12, emango duten Kyrgyzstan 2019 solasaldiak irekiko du Mendi Astea. 20:00etan izango da solasaldia, Portale kulturgunean. Bestalde, ostiralean, hilak 15, Arrastoan dokumentalaren emanaldia izango da leku berean, 19:00etan hasita. Euskaldunek 1974an Laponiara egindako lehen bidaiaren arrastoari jarraituz, hiru lagunek herrialde horretan egindako zeharkaldia erakusten duen dokumentala da Arrastoan, eta Aitor Ossak dokumentalaren inguruan hitz egingo du emanaldiaren ostean.
Asteburuan, berriz, bi ibilaldi izango dira. Alde batetik, larunbatean, hilak 16, 12 eta 16 urte arteko gaztetxoentzat BTT irteera izango da. 16:00etan aterako da txangoa Zestoako gurutzetik. Irteera horretan parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute Gaztelekuan, azaroaren 15a baino lehen. Bestetik, igandean, hilak 17, ibilaldi neurtua izango da 09:30ean plazatik abiatuta. Ibilbidea honakoa izango da: Zestoatik Lasaora, Lasaotik Trukuman baserrira, handik Ezenarro baserrira, eta azkenik, Ezenarrotik Zestoara. Txangoan parte hartu nahi duten herritarrek hilaren 15a baino lehen eman beharko dute izena, Herri Eskolan.
Hona hemen Zestoako Mendi Asteko egitaraua:
- Azaroak 12, asteartea. Kyrgyzstan 2019 solasaldia Iratxe Amenabarren eta Urtzi Zelaiaren eskutik. 20:00etan, Portalen.
- Azaroak 15, ostirala. Arrastoan dokumentalaren emanaldia eta solasaldia Aitor Ossarekin. 19:00etan, Portalen.
- Azaroak 16, larunbata. BTT irteera gaztetxoentzat. 16:00etan Zestoako gurutzetik abiatuta.
- Azaroak 17, igandea. Ibilaldi neurtua. 09:30ean plazatik abiatuta.