'Urola geurea ere badelako' jardunaldiak egingo ditu Eguzkik bihar eta igandean Zestoan

Urola Kostako Hitza 2019ko azaroaren 5a

'Urola ibaia' dokumentala emango dute bihar, asteazkena, eta ibaia garbitzeko auzolana prestatu dute iganderako. Auzolanean parte hartu nahi duten herritarrek ostirala baino lehen eman beharko dute izena. Eguzkiko kideen arabera ibai garbiketa ez da "garbitzera mugatuko".

Urola gurea ere badelako izenarekin bi hitzordu prestatu ditu Eguzki talde ekologistak biharko eta iganderako Zestoan, udalaren babesarekin. Bihar, asteazkena, Jabier Arenas azpeitiarraren Urola ibaia dokumentala emango dute Gaztelekuan, 18:30ean hasita. Igandean, hilaren 10ean, berriz, ibaia eta errekak auzolanean garbituko dituzte; Sastarrainerreka eta Arroaerreka inguruak nahiz Iraetako Errota industrialdearen inguruko ibai zatiak garbituko dituzte, besteak beste.

10:00etarako jarri dute igandeko auzolanerako hitzordua. Parte hartu nahi dutenei aurrez izena emateko eskatu diete, Zestoako Udaleko 943-14 70 10 telefonora deituta edo ingurugiro@zestoa.eus helbidera idatzita. Hilaren 8an itxiko da izena emateko epea. Halere, Zestoako Udalak adierazi duenez, ostegunean egingo den Ingurumen batzordean erabakiko da igandeko hitzordua egun horretan mantendu ala atzeratu egingo den eguraldi iragarpena kontuan izanda.

Garbitzeaz haratago

Eguzki talde ekologistak ohar bidez adierazi duenez, igandeko auzolanerako hitzordua ez da "garbitzera mugatuko". Hondakinak biltzeaz gain, talde ekologistako kideek garbitutako eremuak aztertu, zaborraren jatorria bilatu eta "arazoari irtenbidea emateko" proposamenak aurkeztuko dituzte. Ildo beretik, Eguzkiko kideek azaldu dutenez Zestoako Udalari baranden azpian burdin sareak jartzeko eskatuko diete, hondakinak ibaira jaustea ekiditeko helburuarekin. Haien arabera, Gipuzkoako hainbat udalerri dagoneko hasi dira burdin sareak jartzen baranden azpian; Azkoitia, Legazpi eta Beasain, besteak beste. Horrez gain, igandean Urola ibaian bildutako zaborra ikusgai jarriko dute Zestoan, Eguzkiko kideen esanetan, ibaira "zer isurtzeko gai garen" ikus dezan jendeak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide