"Arazo ezberdinak tarteko" azken hiru hilabeteetan itxita egon ostean, bihar irekiko ditu berriro ateak Endoiako Auzo Biltokiak, eta bertako zerbitzuak eskura izango dituzte berriro herritarrek.
Mikel Arregi Zestoako alkateak eman du biltokiaren irekieraren berri. Izan ere, Zestoako Udalak eta Elizak, eraikinaren jabeak, aurreakordioa egin ostean jarriko dute martxan berriro biltokiko zerbitzua. Biltokia berriro martxan jarri ahal izateko Endoiako bizilagunek udalari "esku hartzeko eskaria" egin ondoren etorri da bi erakundeen arteko aurreakordioa; akordioa eta hitzarmenak behin betiko itxi bitartean, Auzo Biltokia martxan izango da bihartik.
Orain arte, "biltokiko zerbitzuaren hitzarmena Elizak zuzenean kudeatzailearekin sinatu" ohi zuela gogoratu du Arregik. Aurrerantzean, ordea, "zesio hitzarmen baten bidez. Elizak epe jakin baterako udalaren esku utziko du aipatu eraikinaren kudeaketa, eta ondoren udalak auzo elkartearen esku utziko luke biltokiaren zerbitzuaren kontrola eta antolaketa".