Zestoako Udalak datorren azaroaren 4an zabalduko du kiroldegi berritua, eta atzo hasita, martxan da kirol instalazioetarako bazkidetza kanpaina. Herritarrek kiroldegiko harreran izango dute bazkide egiteko aukera egunotan, 09:00etatik 17:00etara bitartean, eta kiroldegiko instalazioak erabiltzeko bazkide egitea beharrezkoa izango bada ere, urtea amaitu arte ez dute kuotarik kobratuko.
Dena den, 2020. urtea hastearekin, 16 urtetik herritarrek 150 euroko kuota ordaindu beharko dute Zestoako kirol instalazioak erabiltzeko. Aldiz, sei hilabeterako bazkidetza 90 euro ordaindu beharko da. Jubilatuek, ikasleek, langabeek eta federatutako kirolariek 100 euro ordaindu beharko dute urteko kuota, familiako bonua 320 euro kostatuko da –hiru kidetik gorako familiak eta 16-24 urteko seme-alabak dituzten familiak–. Gainerakoan, eguneko zenbatekoa bost eurokoa izango da.
Mikel Arregi alkateak joan zen osteguneko udalbatzarrean azaldu zuenez, prezio egokiak jartzen saiatu dira. Hark kuotak eguneratzeko beharra zegoela azpimarratu zuen; izan ere, kiroldegiko zerbitzuen kuotak orain dela hamarkada batzuetakoak zirela azaldu zuen. Dena den, zailtasun ekonomikoak dituzten herritarrek hobariak jaso ahal izango dituzte kirol zerbitzuen kuota ordaintzeko. “Kasu bakoitza aztertu eta konponduko dugu Gizarte Zerbitzuen bitartez, hori oso garbi daukagu”, esan zuen alkateak.
Urtea hasi arte pantaila bidezko saioak eskainiko dituzte kiroldegian, eta herritarrek doan egin ahal izango dituzte ikastaro horiek. Urtea hastearekin, baina, kirol zerbitzuaren kudeaketa lehiaketara ateratzea aurreikusten duela jakinarazi zuen alkateak. Behin zehazten denean, hainbat ikastaro aparte ordaindu beharko dituzte herritarrek.
Kiroldegia astelehenetik ostiralera 09:00etatik 21:00etara izango da zabalik, eta larunbatetan, berriz, 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara irekiko dute. Igandeetan, itxita izango da kiroldegia. Zenbait kirol instalazio erreserbatzeko aukera ere eskainiko dute aurrerantzean. Hain zuzen ere, pista balioanitza, gela balioanitza, pilotalekua, trinketea, teilatuko terraza eta futbol zelaia alokatu ahal izango dituzte herritarrek –bakoitzaren erreserba prezioa desberdina da–. Horiek, gutxienez, eremua erabili baino 24 ordu lehenago egin beharko dute eskaera kiroldegiko harreran. Udalak azaldu duenez, ordu bererako erreserba bat baino gehiago jasotzen badituzte, eskaera aurrena egin duenak izango du lehentasuna. Taldean egindako erreserben kasuan, taldekideen erdiek izan beharko dute kiroldegiko bazkide abonatuen tarifak aplikatu ahal izateko. Hala ez den kasuetan bazkide ez direnen tarifa kobratuko zaie erabiltzaileei. Honako lotura honetan ikus daitezke tarifa guztiak.