Udal ordenantza fiskalak izan zituzten hizpide atzo, osteguna, Zestoako udal ordezkariek egin zuten udalbatzarrean, eta udaleko bi alderdiek aho batez onartu zituzten 2020rako udal tasak eta zergak. Hain zuzen ere, EH Bilduren udal gobernuak proposatu zuen udal tasak eta zergak %0,7 igotzea, KPIaren azken urteko datuak erreferentzia gisa hartuta. Horrez gain, beste hainbat eguneraketa ere egingo dituzte, eta hobariak ere jaso ahal izango dituzte herritarrek.
Gipuzkoako Ur Kontsortzioak egindako proposamena aintzat hartuta, uraren tasa %2,55 igoko dute datorren urtean. Zaborraren tasan, berriz, aldaketa bat egingo dute: 0 eta 10 langile arteko enpresek ordaintzen duten tasa erregulatu egingo dute langile kopuruaren arabera. Aurrerantzean, 0 eta 3 langile artean dituzten lantokiek tasa bat izango dute, eta 3 eta 10 langile dituztenek, berriz, beste bat. Bestalde, lokal hutsen jabeek ordaintzen duten zabor tasan %50eko hobaria jaso ahal izango dute aktibitaterik gabeko lokalak dituzten herritarrek.
Horrez gain, Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga, berriz, %1 igoko dute Zestoan. Dena den, trakzio mekanikodun ibilgailuen eta eraikuntzari lotutako tasetan eta zergetan hobariak eskainiko dituzte. 30 urtetik gorako ibilgailu historikoek %100eko hobaria izango dute, ibilgailu elektrikoek %75ekoa eta auto hibridoek %50ekoa. Neurri hori hartu dute, "efizientzia energetikoan" urratsak ematen hasteko. Horrez gain, eguzki plakak jartzen dituzten etxebizitzetako kideek %95eko hobaria jasoko dute, baita ur beroaren sistema homologatua ezartzen dutenek ere.
Bada beste aldaketa nabarmen bat ere, onartu berri dituzten udal ordenantza fiskaletan: heriotza bat tarteko jabetza aldaketa egiterakoan ezartzen den plusbalia ordaintzeko %75eko hobaria jasoko dute herritarrek. Mikel Arregi alkateak adibide bat jarri zuen, erabaki horren arrazoiak azaltzeko: "Adibidez, heriotza bat tarteko baserri baten jabetza aldatu behar denean, dezenteko zenbatekoa ordaindu behar izaten da, eta ez zaigu justua iruditzen ohiko etxebizitza baten eskualdaketagatik hori ordaindu behar izatea".
Kiroldegiko kuotak
Udal gobernuko ordezkariek atzoko udalbatzarrean azaldu zutenez, datorren azaroaren 4an, astelehenez, zabalduko dituzte kiroldegi berrituaren ateak. Dena den, astelehenetik aurrera jarriko dute martxan bazkidetza kanpaina. Herritarrek kiroldegiko harreran izango dute bazkide egiteko aukera 09:00etatik 17:00etara bitartean.
Kiroldegiko instalazioak erabiltzeko beharrezkoa izango da bazkide egitea, baina urtea amaitu arte ez dute kuotarik kobratuko. Dena den, 2020a hastearekin, herritarrek 150 euroko kuota ordaindu beharko dute Zestoako kirol instalazioak erabiltzeko. Mikel Arregi alkateak azaldu duenez, prezio egokiak jartzen saiatu dira. Hark kuotak eguneratzeko beharra zegoela azpimarratu zuen; izan ere, kiroldegiko zerbitzuen kuotak orain dela hamarkada batzuetakoak zirela azaldu zuen. Zailtasun ekonomikoak dituzten herritarrek hobariak jaso ahal izango dituzte kirol zerbitzuen kuota ordaintzeko. "Kasu bakoitza aztertu eta konponduko dugu Gizarte Zerbitzuen bitartez, hori oso garbi daukagu", esan zuen alkateak.
Urtea hasi arte pantaila bidezko saioak eskainiko dituzte kiroldegian, eta herritarrek doan egin ahal izango dituzte ikastaro horiek. Urtea hastearekin, baina, kirol zerbitzuaren kudeaketa lehiaketara ateratzea aurreikusten duela jakinarazi zuen alkateak. Behin zehazten denean, hainbat ikastaro aparte ordaindu beharko dituzte herritarrek.
Garikoitz Mendizabal EAJko zinegotziak galdera batzuk egin zizkion alkateari; horien artean liburutegiaren azpian egokitu zuten behin-behineko gimnasioaren itxieraz galdetu zion, azken hilabetean herritarrek gimnasio zerbitzurik ez dutelako izan. Alkateak bi arrazoi plazaratu zituen erabakia argudiatzeko: batetik, indar guztiak kiroldegi berriaren lanetara bideratu dituztela azaldu zuen; eta bestetik, aurreko udal agintariek herritarrei martxora arteko kirol kuota kobratu zietela adierazi zuen. "Kirol Mahaian azaldu genuen gai hau, eta arazorik ez zegoela esan ziguten han herritarrek". Horrez gain, alkateak azaldu zuen detaile ugari falta zela kiroldegia irekitzeko prest jartzeko: "Kantxak, pintura, seinalitika... gauza ugari falta ziren egiteko. Udal langileak lan horiek egitera bideratu ditugu, hala izan ez balitz lanak ez zirelako bukatuko".
Bestalde, auzoetan eskaintzen zen mantentze gimnasia saioak ere etenda daudela jakinarazi zuen Mendizabalek, udalari horren zergatia galdetzearekin batera. Alkateak horren gaineko azalpenak eman zizkion zinegotzi jeltzaleari, saio horien eskumena auzo elkarteena dela adierazita. "Lehen enpresa batek ematen zituen saio horiek, baina kiroldegiko zerbitzuak ere haiek kudeatzen zituzten, eta agian, kiroldegiko lehiaketa iraungita, ez zitzaien auzoetako ikastaro horiek soilik ematea interesatuko".
Hala eta guztiz, alkateak adierazi zuen aurki berrartuko dituztela mantentze gimnasia saioak. Ongizate ikuspegitik adinekoek "bizitza aktiboa" egin behar dutela azaldu zuen hark, eta jubilatuekin bilera egin ostean, saioak berriz ere martxan jartzea erabaki dutela adierazi zuen alkateak. Hurrengo astean jarriko dituzte abian saio horiek, eta ikastaro hori egin nahi duten herritarrek 50 euro ordaindu beharko dute. Dena den, mantentze gimnasia soilik egin nahi duten herritarrek ez dute kirol instalazioak erabiltzeko aukerarik izango.