Parrokiako lanen kostuari aurre egiteko antolatzen hasi dira Zestoan

Mailo Oiarzabal 2019ko urriaren 25a

Datorren abenduaren 1ean bi urte beteko dira tximista batek Zestoako Andre Mariaren Jasokundearen parrokiako kanpandorrea jo zuenetik. Kanpandorrea bera txikitzeaz gain, eraikinean kalte larriak eragin zituen ezbehar hark. Ia bi urte joan dira, baina parrokiak itxita jarraitzen du, eta hura lehenera itzultzeko lanek aurrera segitzen dute.

Lanak luzatu ez ezik, hasieran horiek egiteko aurreikusitako aurrekontuak ere gora egin du nabarmen, eta gastu potoloari aurre egin beharrean da Zestoako Parrokia. Organoa eta sakristia berritzeko lanak zenbatu gabe, 1.355.000 eurotik gorako aurrekontua izan dute orain arteko lanek; guztira, milioi eta erdi eurora irits daiteke aurrekontua, uneotan zehaztu ezin badute ere. Aseguruak 640 mila euro inguru ordaindu zizkion bere garaian Parrokiari, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 69 mila euro inguruko dirulaguntza eman zion. Hortik aurrerakoak, ordea, Parrokiak berak ordaindu beharko ditu, eta kopuru hori nola eta nondik inguratu dezaketen aztertzeko eta dirua biltzen saiatzeko antolatzen hasiak dira Zestoan.

Batzordea eratzeko prest

Atzo arratsaldean Zentroan egindako bilera irekian eman zuten, xeheago, goian aipatutako diru kontuen berri. Juan Mari Olaetxea Donostiako Elizbarrutik Bikario Nagusiak orain arte egindako lanen kostua eta egiteko daudenena aletzen dituen agiria banatu zien bilerara joandakoei; hogeitaka herritar elkartu ziren bertan, ia denak emakumeak. Mikel Arregi alkateak ere parte hartu zuen bileran, baita Martin Artola jarduneko parrokoak ere; bajan dagoenKoldo Intxausti parrokoaren ordezkapena egiten hasi berria da Artola.

Bileran esandakoaren arabera, 600 bat mila euro batu beharko ditu Parrokiak, gastuen dagokion zatia ordaindu ahal izateko. Dirutza hori lortzeko erabil ditzakeen formulak eta aukerak hizpide izan zituzten atzo bileran izan zirenek, baina aurrerago zehaztuko dituzte horiek. Hasteko, batzorde bat sortzearen beharra jarri dute mahai gainean, eta diru bilketa nola egin aztertu eta gauzatuko lukeen batzorde hori eratzeko bilera egitekoak dira bi aste barru. Hain zuzen ere, azaroaren 7an izango dute lehendabizikoa, 16:30ean, Zentroan.

Bitartean, parrokiak itxita jarraitzen du. Kanpandorrea eta kanpo aldea berrituta, eraikinaren barruan lanean segitzen dute beharginek. Atzo, bilera bukatuta, Zentroan elkartu zirenek izan zuten parrokia gaur egun barrutik nola dagoen ikusteko aukera. Eta ikusitakoaren arabera, ez dirudi gaurtik biharrera irekiko dituztenik herriko eliza nagusiaren ateak.

Hain zuzen ere, argazkiotan ikus daiteke parrokiak barrutik egun duen itxura:

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide