Espainiako Auzitegi Gorenak bederatzi eta hamahiru urtera arteko espetxe zigorrak ezarri zizkien orain dela egun batzuk Kataluniako bederatzi ordezkari independentistari, eta Zestoako Udalak atzo, osteguna, egindako ezohiko udalbatzarrean Kataluniako politikari presoei nahiz erbesteratuei babesa agertzeko eta Gorenaren epaia salatzeko mozioa onartu zuten. Mikel Arregi Zestoako alkateak azaldu zuenez, Gipuzkoako Batzar Nagusietan EAJk, EH Bilduk eta Podemosek onartutako adierazpen instituzionala izan zuten oinarrian testua osatzerakoan.
EH Bilduko ordezkarien aldeko bozekin onartu zuten adierazpena, eta EAJko zinegotziak abstenitu egin ziren. Abstenitzeko arrazoia testuaren "tonua" zela esan zuen Garikoitz Mendizabal EAJren udal bozeramaileak; izan ere, hark adierazi zuenez, Batzar Nagusietako testuari hainbat aldaketa egin eta "tonu gogorragoa" ezarri zaio Zestoako Udalean aurkeztutako testuari. Horrez gain, testuaren aurkezpen formekin ere ez zen ados agertu Mendizabal: "Guri testua bidali zitzaigun, eta egitea genuen bakarra zen: onartu edo ez onartu". Alkateak erantzun egin zion Mendizabali, testua ekarpenak egiteko bidali zitzaiela esanez. "Arazorik balego, hitz egiteko eskatu behar zenuten".
Honako hau da adierazpen instituzionala:
"1. Zestoako Udalak ziurtatzen du demokraziaren adierazpen baketsua, indibiduala zein kolektiboa gauzatzea eta herriari hitza ematea ez dela delitua. Hori horrela, urriaren 1eko erreferenduma tresna demokratiko eta zilegizkoa izan zela, eta Kataluniak eta Euskal Herriak berezkoa dutela etorkizuna erabakitzeko eskubidea.
2. Zestoako Udalak argi eta garbi adierazten du ezin direla justifikatu Espainiako Auzitegi Gorenak eta Estatuko botereek Karaluniako agintari eta gizarte eragileei bizkarreratutako auzia eta ezarritako zigorrak.
3. Zestoako Udalak nabarmentzen du Kataluniako Procés-aren aurkako auziak eta epaiak Zuzenbide Estatuaren itxuragabetzea dakartela eta ezbaian jartzen dutela espainiar demokraziaren homologazioa nazioartean.
4. Zestoako Udalak azpimarratzen du euskal herritarrei zuzenean eragiten digula Estatu espainiarraren erantzun bortitzak, izan ere, herrien borondatea era demokratiko eta baketsuz erabakitzea mozten du. Eta arazo politikoari tribunalen indarrez, 155. artikuluaren ezarpenez edo erabakitze eskubidearen alde egiten dutenei edonolako neurri bidegabeak ezarriz erantzuten dio, irtenbide elkarrizketatu eta negoziatua bilatu ordez eta herriari galdetu beharrean.
5. Zestoako Udalak Estatuko botereei eskatzen die, espetxean dauden preso politikoak berehala aske utz ditzala eta, era berean, erbesteratu politikoen aurkako auzibideak bertan behera utz ditzala.
6. Zestoako Udalak elkartasuna adierazten die Kataluniako preso eta erbesteratu politikoei nahiz haien etxekoei, hala nola, Kataluniako herriari eta erakundeei, eta Zestoako herritarrei dei egiten die bat egin dezaten herriari hitza ematearen aldeko ekimen baketsuekin, demokraziaren eta askatasunaren alde".