Trikigiro kultur elkarteak, Azpeitiko Kulturaz kooperatibak eta Euskal Herriko Trikitixa elkarteak Urola Erdiko trikitiari aitortza egin nahi diete. Horren baitan, 60-70 hamarkadetan Urola Erdiko trikitixaren fenomenoa nola garatu zen jasotzen duen dokumentala, liburua eta bideografia garatuko dituzte. Proiektua aurrera eraman ahal izateko, Metakultura ekimenaren barruan finantzaketa kolektiboa abiatu zuten irailean Goteo crowfounding plataforman, eta gaur, osteguna, jakin dute proiektua gauzatu ahal izango dutela; izan ere, 11.360 euroko gutxieneko langa gainditu dute.
Oraindik ekarpenak egiteko epea amaitu ez den arren —bost egun falta—, guztira, 127 ekarpen jaso ditu Errautsak hauspotzen proiektuak; beste horrenbeste egin ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak. Euskal Herriko eta Kataluniako 47 herritatik jaso dituzte dohaintzak. Proiektuaren bultzatzaileentzat "lorpen handia" da, baina proiektua "ondo eta duin" egin ahal izateko, finantziazio handiagoa lortu beharko dute. Arduradunek azaldu dutenez, guztira 30.805 euro behar dituzte proiektuak argia ikus dezan.
Bigarren fasea, datorren astean
Ekimenak aurrera egiteko lehen helburua beteta, sustatzaileek hogei eguneko bigarren fasea abiatuko dute datorren astean. Gipuzkoako Foru Aldundiak herritarrek egindako dohaintzak bikoiztuko ditu fase berrian ere. Dena den, soilik ekarpen ekonomikoa lehenengoz egiten dutenen kasuan bikoiztuko dute egindakoan diru kopurua. Proiektuari lagundu nahi dioten herritar edo erakunde guztiek ekarpenak egin ahal dituzte, Goteo crowdfunding plataformaren bidez, eta gehiengo ekarpena 100 eurotakoa izango da.