Rural Zombies musika taldeak Zestoako Gaztetxean emango du agurreko kontzertua

Urola Kostako Hitza 2019ko urriaren 24a

Zestoako taldeak irailean iragarri zuen taldearen agurra, baina betirako agurtu aurretik, kontzertu berezia eskainiko du Zestoako Gaztetxean, azaroaren 8an. Zestoako Polybius taldearekin elkarbanatuko du oholtza. Kontzertuak 22:30ean hasiko dira, eta sarrerak salgai jarriko dituzte aurrez, bost eurotan.

Zestoako Rural Zombies musika taldeak bere agurra iragarri zuen joan zen irailean, sare sozialetan zabaldu duen ohar baten bidez. Baina betirako agurtu aurretik, kontzertu berezia eskainiko du Zestoako Gaztetxean, azaroaren 8an. "Hainbat aldiz gaztetxeko oholtza gainean ikusi ondoren azkenengo aldiz ere gurean emango diote amaiera euren ibilbideari eta guk ilusio handiz jasoko ditugu", adierazi dute sare sozialetan Zestoako Gazte Asanbladako kideek. Azaroaren 8an Zestoako Polybius taldearekin batera elkarbanatuko dute oholtza Rural Zombieseko lagunek. Kontzertuak 22:30ean hasiko dira. 

Sarrerak, salgai

Kontzertu berezia izango dela jakitun, zuzenekoetarako sarrerak aurrez jarriko dituzte salgai, Fani eta Uztapide tabernetan. Bost eurotan salduko dituzte txartelak. Zestoako Gazte Asanbladako kideek aurreratu dutenez, kontzertuen egunean bertan "sarrera gutxi batzuk" jarriko dituzte salgai gaztetxean, eta, horregatik, herritarrak txartelak lehenago erostera animatu dituzte.  

Agurraren zertzeladak

Zestoako musikariek oharrean azaldu zutenez, beren musika ibilbidea bertan behera uztea “erabaki gogorra eta tristea” izan da. Jakinarazi zutenez, musikari eskaintzeko denbora falta izan da arrazoi nagusienetako bat: “Gu ez gara musikari profesionalak, eta batzuetan gure benetako lanbide, bizitza zein beharrizanek taldeari eskaini nahi dioguna baino denbora libre gutxiago uzten digute. Taldeak merezi duela uste dugun maila mantentzeko adinako denborarik ez digute uzten gure eguneroko behar horiek, eta horregatik, erabaki arrazoizkoena taldearen ibilbideari amaiera ematea dela erabaki dugu”. 

Julia Urreagak (ahotsa), Luken Etxeberriak (gitarra), Marcos Perezek (baxua), Aratz Etxeberriak (bateria) eta Manu Rodriguezek (gitarra) osatzen dute Rural Zombies. Beren musika ibilbideak bi disko eta dozenaka kontzertu utzi ditu. 

Hona hemen Rural Zombisek taldearen agurra iragartzeko idatzitako mezua osorik:

“Agur esateko gatoz.

Rural Zombiesek bere musika ibilbidea bertan behera uztea erabaki duela jakinarazi nahi dizuegu. Erabaki gogorra zein tristea da, baina bizitzak batzuetan horrelako gauzak dakartza. Gu ez gara musikari profesionalak, eta batzuetan gure benetako lanbide, bizitza zein beharrizanek taldeari eskaini nahi dioguna baino denbora libre gutxiago uzten digute. Taldeak merezi duela uste dugun maila mantentzeko adinako denborarik ez digute uzten gure eguneroko behar horiek, eta horregatik, erabaki arrazoizkoena taldearen ibilbideari amaiera ematea dela erabaki dugu.

Ondorengo hauek azken kontzertuak izango dira zuei agur esan eta gure esker ona adierazteko. Urte hauetan eman diguzuen guztia eskertu nahiko genuke agurreko kontzertu hauetan, nahiz eta zuen eskutik jaso duguna ezin izango dizuegun sekula itzuli.

Gure ibilbidean bidelagun izan eta taldeari beren ekarpena egin dieten guztiei ere gure eskerrik beroena adierazi nahi diegu.

Eskerrik asko guztiagatik. Ahaztezina izan da”.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide