Txikitasunean Handi eguna ospatuko dute larunbatean Arroabean

Urola Kostako Hitza 2019ko urriaren 22a

Arroabeko festa batzordeak egun osorako egitaraua antolatu du larunbaterako, Txikitasunean Handi eguna ospatuko baitute. Goizean, Arroa Bira eta MTB irteera izango dira; arratsaldean, Korrikola eta Korrikaña lasterketak egingo dituzte; eta iluntzean, afariaz gozatzeko aukera izango dute auzotarrek.

I. Korrikaña probako irabazlea.

Beste urte batez, Txikitasunean Handi festa antolatu du Arroabeko festa batzordeak larunbaterako. Goizean goizetik hasita hainbat ekitaldi izango da herritar guztien gozamenerako.

Hasteko, Arroa Bira izango da goizean, eta bi ibilbide egiteko aukera izango dute parte hartzaileek. 08:30ean ibilbide luzea aterako da (14 km), eta plazatik abiatuko da; besteak beste, Mardu, Urain gaina, Olaberri, Arroagoia eta Ibañarrieta igaroko ditu birak. Ibilbide laburra (5,7 km), aldiz, 10:00etan abiatuko da plazatik eta San Lorente eta Agotetik igaro ostean, Arroabean amaituko da bira. Horren ostean, hamaiketakoa egingo dute Ederki elkartean; haurrek hiru euro ordaindu beharko dute jan-edana, eta helduek, bost euro.

Horrez gain, MTB irteera ere izango da larunbatean. 08:30ean hasita, 37 kilometroko ibilbidea eta 1.100 metroko desnibela duen ibilbidea egingo dute parte hartzaileek, eta Arroatik Pagoetara izango da bidea.

Arratsaldean ere ez da aspertzeko betarik izango Arroabean, bi lasterketa izango baitira. Batetik, Korrikaña lasterketaren bigarren edizioa izango da; iaz egin zuten lehen aldiz Korrikaña lasterketa, eta aurten proba errepikatzea erabaki dute antolatzaileek. Parte hartzaileek Arroabeko herriguneari bost itzuli eman beharko dizkiote; guztira, 4,5 kilometroko bidea egingo dute, eta buelta bakoitzeko garagardo bana edan beharko du lehiakide bakoitzak. 18:00etan aterako da Korrikaña Arroabeko plazatik, eta interesatuek egun horretako 17:30ak baino lehen eman beharko dute probarako izena. Arroabeko festa batzordeak adierazi duenez, 18 urtetik gorako herritarrek soilik parte hartu ahal izango dute lasterketan.

Korrikañaren aurretik, haur eta gaztetxoentzako Korrikola proba izango da lehen aldiz Arroabean; 17:00etan hasiko da proba, eta 16:30ak baino lehen eman beharko dute haurrek izena.

Egunari amaiera bikaina emateko, 21:30ean afaria egingo dute Ederki elkartean. Ostirala, hilak 25, izango da afarian izen-emateko azken eguna. Interesatuek Txomin tabernan eman dezakete afarirako izena.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide