Arropa eta etxeko hondakin txikiak biltzeko edukiontziak jarri ditu Urola Erdiko Mankomunitateak

Urola Kostako Hitza 2019ko urriaren 21a

Lehengo edukiontzietan arropa soilik jasotzen bazuten ere, edukiontzi berrietan erabiltzeko moduan dauden jostailuak, liburuak, aparatu elektriko txikiak eta bitxiak ere bilduko dituzte. Horretarako, 31 ontzi berri jarri dituzte Urola Erdiko herrietan.

Urola Erdiko Zerbitzu Mankomunitateak arropa eta hondakin berrerabilgarriak jasotzeko edukiontzi berriak  jarri ditu Aizarnazabalen, Azpeitian, Azkoitian, Zestoan, Errezilen eta Beizaman. Lehengo edukiontzietan arropa soilik jasotzen bazuten ere, edukiontzi berrietan jostailuak, liburuak, aparatu elektriko txikiak eta bitxiak ere bilduko dituzte –erabiltzeko moduan daudenak–.

Hori dela eta, Urola Erdiko Mankomunitateak eskatu du ebakiak eragiteko arriskua duten gauzak ez uzteko edukiontzietan, hala nola kristaleria, baxerak, labanak, guraizeak eta kuterrak. Etxeko hondakin arriskutsuak ere edukiontzi horietan ez lagatzea eskatu du. Tamaina handiko hondakinak edukiontzi horien ondoan uztea debekatuta dagoela azaldu du mankomunitateak, eta ohartarazi du halakoak Lapatxeko Garbigunera eraman behar direla edo Emausen bilketa telefonora (656 789 574) deituta jasoko dituztela.

Orotara, 31 edukiontzi berri jarri dituzte Urola Erdiko herrietan. Zenbait herritan lehen zeuden edukiontziak ordezkatu dituzte. Beste herri  batzuetan, berriz, edukiontzi gehiago jarri dituzte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide