Inoizko parte hartze handienarekin hasi da lau eta erdiko Emakume Master Cup txapelketa, guztira 92 pilotari lehiatuko baitira abendura bitartean jokatuko dituzten partidetan. Pilotariek pilota mistoarekin eta goxoarekin neurtuko dituzte aurten indarrak, eta pilota goxoarekin jokatuko dituztenak honako maila hauetan lehiatuko dira: Lehenengo Mailan, Promozio mailan eta Hastapenekoan. Ohi bezala, eskualdeko pilotariak ere arituko dira lehian txapel preziatuaren bila; orotara, Urola Kostako zazpi pilotarik parte hartuko dute txapelketan.
Eneritz Arrieta eta Oihana Orbegozo azkoitiarra eta azpeitiarra dira Lehenengo Mailan arituko diren eskualdeko pilotariak; 2017an promozio mailako txapela jantzi ostean, iaz lehenengo mailan lehiatu zen azkoitiarra, eta aurten ere maila horri eutsiko dio Arrietak. Orbegozok, berriz, debuta egingo du Lehenengo Mailan. Nagore Aramendi eta Oihana Unanue azpeitiarrak eta Izaro Zinkunegi errezildarra, bestalde, Promozio mailan lehiatuko dira, eta Maddi Unanue azpeitiarrak eta Naroa Agirre zestoarrak pilota mistoarekin jokatuko dituzte norgehiagokak.
Pasa den asteburuan hasi zuten Emakume Master Cup txapelketa, Bartzelonan eta Amezketan (Gipuzkoa) jokatutako partidekin, eta eskualdeko pilotarietako batzuk izan ziren hango kantxetan. Maddi Unanuek ez du modu onenean hasi txapelketa, azpeitiarrak 18-8 galdu baitzuen Andrea Capellanen aurka; pilota goxoan, berriz, Oihana Unanuek jokatu zuen kanporaketa faseko lehen saioa, eta azpeitiarrak ere ez zuen arratsalderik onena izan; izan ere, Andrea Aldaregiak 18-14 hartu zuen mendean.
Kanporaketa faseko norgehiagokak amaitzean, azaroaren 24an jokatuko dituzte final laurdenak, Zamudion (Bizkaia), eta finalerdiak abenduaren 1ean izango dira Galdakaon (Bizkaia). Aurten, finalak ere Bizkaian jokatuko dituzte, Barakaldon, hain zuzen ere—iaz Azkoitian jokatu zituzten—; abenduaren 15ean izango da hori.