Espainiako Auzitegi Gorenak bederatzi eta hamahiru urte arteko espetxealdira zigortu ditu 2017ko urriaren 1ean Katalunian independentziaren inguruko erreferenduma antolatu zuten buruzagi independentistak. Haiei babesa adierazteko eta Auzitegi Gorenaren epaia salatzeko, elkarretaratzeak egin dituzte hainbat herritan. Euskal Herriko gehiengo sindikalak deitu du mobilizatzera gaur, eta hainbat udalek ere bat egin dute deialdiarekin (besteak beste, Azpeitian, Zestoan, Getarian, Orion eta Zumaian), baita adierazpenak kaleratu ere.
Aizarnazabal
Aizarnazabalen, hainbat herritar elkartu da Kataluniako buruzagi independentisten kartzela zigorrak salatzeko. Askatasuna. Erreferenduma ez da delitua lelopean egin dute protesta.
Azkoitia
EAJ eta EH Bildu alderdiek sei puntuko adierazpena onartu dute. "Herriari hitza ematea ez da delitua" bi alderdien ustez, eta "Kataluniak eta Euskal Herriak etorkizuna erabakitzeko eskubidea dute". Herritarrei dei egin diete bat egin dezaten "herriari hitza ematearen aldeko ekimen baketsuekin, demokraziaren eta askatasunaren alde". Irakurri adierazpena osorik.
Gainera, Azkoitiko hainbat lantokitan bat egin dute gaurko sindikatuek deitutako protestarekin.
Azpeitia
Udalak deituta egin dute elkarretaratzea plazan. Udaleko hainbat zinegotzi eta langile elkartu da bertan, baita hainbat herritar ere. Mertxe Aizpurua EH Bilduren Espainiako Diputatuen Kongresuko diputatua ere izan da elkarretaratzean, eta ondoren agerraldia egin du.
Hemen irakur daiteke Azpeitiko Udalak herritarrei helarazitako adierazpena.
Langileek ere bat egin dute deialdiarekin, eta lantoki aurrean atera dituzte argazkiak, besteak beste, Azpeitiko Karmelo Etxegarai Ikastolak, Urola Ikastolak, Azpeitiko Ikastola Ikasberrik, San Martin egoitzak, nahiz Ormola, Glual eta Astigarraga Kit enpresek.
12:00etan egin dute elkarretaratzea plazan
Aia
Gehiengo sindikalak lantoki aurreetan nahiz kalean protesta egitera deitu zituen herritarrak, eta Aian, esaterako, Indaux enpresako langileek egin dute protesta.
Getaria
Gaur 12:00etan egin dute elkarretaratzea plazan, Getariako Udalak deituta, eta bertan parte hartu dute hainbat zinegotzik eta herritarrek, preso kataluniarren askatasuna eskatzeko eta Espainiako Auzitegi Gorenaren epaia salatzeko.
Orio
Orioko Udalak ere bat egin du Erreferenduma ez da delitua. Askatasuna lelopean gehiengo sindikalak gaurko deitutako protestekin, eta 12:00etan elkarretaratzea egin dute plazatik elizara igotzeko aldapan. 10 minutuz bildu dira, esteladak eskuetan.
Zarautz
Zarautzen udalak ez du publikoki adierazpenik egin, baina herrian izan da elkarretaratzerik. Esaterako, Lizardi institutu publikoko irakasleek bat egi dute deialdiarekin, eta eskola aurrean elkarretaratu dira eguerdi partean, beren babesa erakusteko herri katalanari. Hainbat enpresatako langileak ere batu dira protestara, argazkietan ikus daitekeenez.
Zestoa
ELA eta LAB sindikatuek deituta, hainbat lantokitan atera dira protestara Zestoan.
Zumaia
Zumaian ere udaleko hainbat zinegotzi atera da kalera Kataluniari elkartasuna adieraztera. Herriko zenbait lantegitan ere egin dute protesta, sindikatuen deialdiari jarraiki. Esaterako, GKN lantegian eta Oikiako Siemens lantegian. Altsasuko gazteei ere elkartasuna adierazi diete.