Orain dela 35 urte izan ziren azkenengoz bertan. 1984az geroztik, inor ez zen sartu hara. Antxieta arkeologia taldeko kideek aurkitu zuten Zestoako Amalda III haitzuloa 1983an, eta aurten berriz itzuli da hara taldeko hainbat kide. Izan ere, Joseba Rios arkeologoak Euskal Herriko azken neanderthalaren zantzuak aurkitzeko ikerketa hasi du Zestoako haitzulo horretan, eta hari laguntzen aritu dira Antxietako kideak.
Irailaren 14tik 20ra aritu ziren bertan lanean Rios eta haren lantaldea nahiz Antxietako Jabier Lazkano, Jose Inazio Arrieta, Iñigo Arizaga, Igone Elejalde eta Aitor Suinaga. "Lagunduko al genien esan zigun Riosek, zailtasunak baititu haitzuloak", azaldu du Lazkanok: "Gure kobazulo kuttuna izan da beti Amalda III, oso berezia da guretzat, eta baietz esan genion". Ikerketaren zailtasunari beste bat gehitu behar zaio: "Horma batean dago, lurretik 25 bat metrora, eta espeleologiako tresnak behar dira hara iristeko. Zalantza izan genuen: behin igo eta astebete bertan pasatu, edo egunero igo eta jaitsi ibili. Haitzuloaren ezaugarriak kontuan hartuta, joan-etorrian ibiltzea erabaki genuen".
Antxietako kideek 83-84 urteetan egin zuten zundaketa bat Amalda IIIan, eta hainbat aztarna aurkitu zuten. Ordutik ez da inor aritu han lanean: "Guk 84an utzi genuen moduan zegoen harpea; pentsa, aztarna delikatuak biltzeko erabiltzen genuen komuneko paperaren biribilkia ere han zegoen".
Amalda IIIra lehen aldiz sartu ziren aldi hartan egin zituzten indusketak tarteko, badakite kobazulo horretan neanderthalak bizi izan zirela; are gehiago, Brontze Aroko hezurrak, suharriak nahiz keramikak ere aurkitu zituzten. "Riosek bazekien oso garrantzitsua zela aztarnategi hori", esan du Lazkanok.
Aurkikuntzen garrantzia
Azpeitiarraren arabera, leizea txikia da, hamar metro luze ingurukoa, baina "oso aberatsa" ere bai, aldi berean: "Indusketa hauetan ere material pila bat atera da... Batez ere, bulkanitak aurkitu ditugu, baina baita suharriak, lutitak eta kuarzitak ere. Askotariko materiala dago han".
Iraileko indusketa aldian «lan asko» egin dutela esan du: "Produkzioa, ordea, ez da handia izan, haitzulora igotzen eta handik jaisten behar genuen denborarekin...". Halere, aurkitu dituzten aztarnek ikerketarako informazio ugari emango dietela esan du hark. "Suharrietako fosilei esker, adibidez, haien jatorria zein den jakin ahal izango dugu. Dena datu bilketa izaten da, eta pazientzia handia behar da. Gu bizkarreko minekin-eta hasita gaude, eta nekatu ere egiten gara", dio barrez.
Ikerketaren helburu nagusia azken euskal neanderthalen aztarnak bilatzea zen, eta lortu dutela esan du Lazkanok: "Han daude". Hori ez zaio aski, ordea, Riosen taldeari; gizaki haien DNA atera nahi du: "Horretarako, teknika berri bat erabiliko du; lurretik aterako du haien DNA, gizaki haiek bertan egingo baitzuten pisa eta kaka".
Ikerketa hasi besterik ez dute egin; izan ere, han lanean segitzeko asmoa dutela aurreratu du Lazkanok: "Oraingoz, zati txiki bat baino ez dugu aztertu. Prozesu hauek oso luzeak izaten dira; pazientzia behar da, luze jotzen baitute emaitzek".
Aterako dute neanderthalen DNA, aurkituko dituzte aztarnak, baina bada Lazkanok bere buruari behin eta berriz egiten dion erantzun zehatzik gabeko galdera bat: nola iristen ziren gizakiak Amalda IIIra?. "Behetik ez da ikusi ere egiten, eta zertara joaten ote ziren han gora, Amalda bezalako haitzulo eder bat bertan izanda? Arraroa da, baina Amalda I baino aberatsagoa da Amalda III haitzuloa".