Ikasturte hasieran zabaldu zuten eskola berria bisitatu du Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, gaur, Olatz Garamendi Administrazioa eta Zerbitzuen sailburuordearekin eta Gipuzkoako Hezkuntza ordezkari Gema Gonzalez de Txabarrirekin batera. Arroabeko eraikineko instalazioak eta zenbait ikasgela bisitatu ondoren, arduradunek bilera egin dute eskolako zuzendaritza taldearekin, klaustroko kideekin eta familien ordezkariekin, ikasturte hasierari loturiko hainbat gai aztertzeko.
Uriarte sailburuak eskola txikiek egiten duten lanaren balioa azpimarratu du. “Familiek hezkuntza-eskaintza erakargarria aurkitzen dute hauetan, hurbileko hezkuntza-komunitate txiki baten baitan. Hurbiltasun horrek familientzat erakargarri egiten ditu eskola hauek, eta baita kokaturik dauden herri edo auzoentzat ere. Ziurrenik, herri hauek bizitza galduko lukete eskolarik ez balute. Garrantzitsua da administraziotik eskola hauei babesa ematen jarraitzea, eta familiek ere hauen aldeko apustua egiten jarraitzea”.
(Argazkiak: Eusko Jaurlaritza)