Kiroldegiaren kudeaketak eztabaida eragin du Zestoako EH Bilduren eta EAJren artean

Urola Kostako Hitza 2019ko urriaren 7a

EAJk kiroldegiaren kudeaketa esku pribatuetan uztea aldarrikatu du, eta EH Bildu, berriz, horren aurka agertu da. Jeltzaleen arabera, EH Bilduren erabakiak "motz" gelditzen dira. Koalizioaren ustez, errazena da zerbitzu publikoen kudeaketa enpresa pribatuen esku uztea, baina "erabaki okerra" iruditzen zaie koaliziokideei.

Zestoako kiroldegi berritua.

Joan zen uztailean egin zituzten ate irekien jardunaldiak Zestoako kiroldegi berrian, baina oraindik ez dute zabaldu eraikina. Dena den, hasi dira urratsak ematen; izan ere, Kirol Mahaia osatzeko lehen bilerak egin dituzte dagoeneko. Kiroldegiaren lanen kudeaketak, baina, hautsak harrotu ditu EAJren eta EH Bilduren artean, jeltzaleen arabera EH Bilduren erabakiak "motz" gelditzen direlako. "Eraikinak dituen neurriak eta gaur egun dauden giza baliabideak kontuan hartuta, ez dugu uste herritarrek eta auzotarrek behar duten zerbitzua bermatuta izango dutenik".

EAJren arabera, kiroldegiko giza baliaabideak, garbiketa eta mantenua ondo kudeatu behar dira, baina EH Bilduk gaur egungo baliabideekin kiroldegia martxan jartzea eta hurrengo lau urteetan horrela jarraitzea nahi izan du. "Batetik, kirol dinamizatzailearekin %50eko aurrejubilazioa negoziatu du. Lanpostu horren beste erdia hartuko duen pertsonak kirol zuzendari postua ere beteko du. Horretarako, Foru Aldundiko eta Urnietako Udaleko lanpoltsak erabiliko dituzte. Bestetik, kiroldegiko bi langileak mantendu egingo dituzte, eta kiroldegiko harreraz, administrazioaz eta mantenu-gimnasiaz arduratuko dira horiek. Horrez gain, garbitzaile bat kontratatuko dute %65eko lanaldian. Orain arte kiroldegiaren garbiketaz arduratu den langileak frontoia, beheko pista eta Iraetako futbol zelaia garbituko ditu", azaldu du EAJk. Gainera, harreran beti norbait egongo dela eta ordutegia zabalagoa izango dela ere azaldu dute jeltzaleek.

Haien arabera, baina, neurri horiek "motz" geratzen dira zerbitzu egoki bat eman ahal izateko. "Inguruko herriek antzeko kirol ekipamenduen kudeaketa integrala enpresa bati eman diote. Joera hori da, eta zerbitzu ona emateak izan behar du helburua. EH Bildu agintean egonik pauso hori eman dute Oiartzunen, Asteasun, Hernanin, Pasai Donibanen, Trintxerpen, Zumaian eta Azpeitian. Beste lurralde batzuetan ere bai; Orozkon, adibidez. Baina Zestoan ez; hemen pribatizazio hitza deabrututa dago. Aurrerakoitzat dute beren burua, baina azkenean pobre geratzen dira erabakietan, eta herritarrak zerbitzu egokirik gabe". EAJk esan du orain dela zerbitzu on bat eskaintzeko garaia, "ez hemendik lau urtera".

EH Bilduren erantzuna

EAJren kritikari erantzuna eman dio Zestoako EH Bilduk, nahiz eta politikan oposizioak bere lekua egiteko gobernua kritikatzea "zilegi bezain osasuntsua" dela uste duen. EAJk kaleratu duen testuko gogoetak, ordea, ez dira "zuzenak eta onargarriak" koalizioaren aburuz. "EAJren esku egon zen aurreko gobernua, eta ondorioz, kiroldegiko obren jarraipena ere bai. Horregatik, harrigarrria egiten zaigu inolako planteamendurik ez egin izana iragan bi urteotan eta orain kudeaketa osoa kanpoko enpresen esku uztearen alde agertzea".

EH Bilduren kudeaketa "motz" geratzen dela dio EAJk, eta horren aurrean garbiketan eta kirol kudeaketan lanpostu bat eta erdi gehitzea erabaki duela argitu du koalizioak: "Gutxienez, gustatuko litzaiguke motz zertan gelditu garen jakitea, edo kirol ekipamendu berriaren kudeaketa publikoa lehenetsi izana da EAJrentzat motz gelditzea?", galdetu du EH Bilduk. Are gehiago, koalizioak esan du EAJk aipatu dituen herrietako datuak ez direla zuzenak: "Onena Zestoan ditugun ekipamendu publikoak eremu publikotik kudeatzea dela sinesten badugu, zergatik egin behar dugu Zestoan beste herrietan EH Bilduk egin duena?". EH Bilduren ustez, "alderdikeriatik egindako argumentua" da hori.

Koalizioaren ustez, errazena da zerbitzu publikoen kudeaketa enpresa pribatuen esku uztea, baina "erabaki okerra" dela iruditzen zaie kideei. "Herritarrek boto bidez ematen diguten ardura eta erantzukizuna zerbitzu publikoak pribatizatzeko erabiltzea arduragabekeria hutsa da". Horri lotuta, aurreko agintaldian EAJk kaleko argiteriarekin egindakoa ekarri du gogora EH Bilduk: "Argi gelditu da: kudeaketa publiko on bat ekonomikoki ere askoz bideragarriagoa da".

EH Bilduk adierazi duenez, Zestoako kirol eremuko langileak bizitza laboralaren amaieran daude, eta hiruzpalau urteko trantsizio epean kirol ekipamenduak kontrol publikotik ahalik eta ondoen kudeatzen saiatuko da. "Horretarako lanpoltsa publikoak erabiliko ditugu, eta egungo pertsonalaren erretiroa hitzartzen goazen heinean, lan eskaintza publiko bat prestatzen hastea da gure asmoa". Prozesu hori guztia sortu berri den Kirol Mahaiaren ikuskaritzapean gauzatuko duela esan du EH Bilduk: "Dena dago egiteko eta zerotik hastera goaz, arazo askori aurre egin beharrean aurkitu gara. Eta aurrerantzean ere arazoak izango ditugula jakitun garen arren, guztiona dena guztion parte hartzearekin askoz ere Zestoa hobea egin dezakegula sinesten jarraitzen dugu".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide