Euskal Herriko Lehen Mailako Aizkora Txapelketaren finalean izango dira Larrañaga, Otaño eta Txikia

Urola Kostako Hitza 2019ko urriaren 6a

Mikel Larrañaga azpeitiarrak, Eneko Otaño beizamarrak eta Julen Alberdi Txikia azkoitiarrak lortu dute Euskal Herriko Lehen Mailako Aizkora Txapelketaren finalerako txartela. Atzo izan zen finalerdietako saioa Gasteizen, eta 11 aizkolari aritu ziren nor baino nor lehian.
 
Eskualdeko kirolariak oso ondo egin zituzten lanak –54 ontzako, 60 ontzako eta 72 ontzako bina enbor ebaki–, nahiz Luis Txapartegi aizkolari aizarnarrak ezin izan duen finalera sailkatu –hamaikagarren sailkatu zen, 27:07 denborarekin–. Sorpresa handi bat ere izan zen, ordea: bost urtez jarraian txapelketa irabazi duen Aitzol Atutxa dimoztar aizkolaria bederatzigarren postuan (22: 02) sailkatu zen, eta beraz, ez da aurtengo finalean izango.

Atzo denborarik onena Iker Vicentek (18:11) egin zuen, eta haren atzetik sailkatu zen Larrañaga, segundo gutxi batzuren aldearekin (18:35). Hirugarren Txikia (20:08) izan zen, eta Azurmendi laugarren (20:59). Otañok, berriz, 21 minutu eta 12 segundo behar izan zituen lanak bukatzeko, eta 21 minutu eta 18 segundo Jon Rekondok. Sei kirolari horiek izango dira datorren urriaren 27an Gasteizen jokatuko duten finalean. 12:00etan hasiko da lehia, Gasteizko Iradier Arenan.

Hona hemen, atzoko lehiako irudi batzuk (Argazkiak: Ibon Errazu):

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide