Atzo jokatu zuten Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako azken final zortzirenetako saioa Lasarte-Orian, eta bertan abestu zuten Unai Izagirre azkoitiarrak, Oier Aizpurua zarauztarrak eta Aitor Salegi zestoarrak. Horiek Mikel Artolarekin, Eneko Araiztegirekin eta Iñaki Zelaiarekin batera abestu zuten, baina ez zuten arratsalderik onena izan eskualdeko hiru bertsolariek, eta ez zituzten txapelketako final-laurdenetara sailkatzeko behar adina puntu eskuratu.
Saioa Mikel Artolak irabazi zuen 429 punturekin, eta haren atzetik sailkatu zen Iñaki Zelaia 412,5 puntu jasota. Hirugarren egin zuen Oier Aizpuruak (401), laugarren Unai Izagirrek (397,5) eta bosgarren Aitor Salegik (390). Seigarren, berriz, Eneko Araiztegi sailkatu zen (389,5).
Hona hemen, atzoko saioko puntuazioa:
Bukatu da txapelketaren lehen kanporaketa, eta erabaki da dagoeneko zein bertsolari ariko diren hurrengo fasean. Badira eskualdeko batzuk; hain zuzen ere, hurrengo fasean abestuko dute Beñat Lizasok –Ordiziako saioa irabazita zuzenean sailkatu da–, Jokin Urangak, Iñaki Gurrutxagak, Iñigo Mantzizidor Mantxik eta Felix Zubiak. Gainera, duela lau urte egindako lanari esker, Jon Maia hastear den final-laurdenetako fasean batuko da txapelketara.
Saioen egutegia
Final laurdenetako saioak zehaztuta daude dagoeneko: asteburu bateko atsedenaren ostean, urriaren 19an izango da aurrena. Bigarren final-laurdenean hasiko dira eskualdeko bertsolariak kantuan; Irunen izango da, eta Beñat Lizaso azpeitiarrak abestuko du, Agin Labururekin, Haritz Mujikarekin, Iñigo Izagirrerekin, Maider Arregirekin eta Unai Gaztelumendirekin batera.
Jokin Uranga azpeitiarrak, Felix Zubia zarauztarrak eta Jon Maia zumaiarrak saio berean abestuko dute: urriaren 26an, Eibarren. Haiekin batera izango dira agertokian Gorka Maiz, Mikel Tapia eta Unai Muñoa. Hurrengo final-laurdena, urriaren 27koa Azpeitiko Soreasu antzokian izango da, eta han kantatuko dute Iñigo Izagirre Mantxi zarauztarrak eta Iñaki Gurrutxaga oriotarrak, Alaia Martinekin, Amaia Iturriotzekin, Nerea Elustondorekin eta Oihana Iguaranekin batera.
Azken final-laurdena Azkoitian izango da azaroaren 2an, eta Baztartxo antzokiko agertokian izango dira Ander Lizarralde, Ane Labaka, Ane Zuazubiskar, Beñat Gaztelumendi, Maialen Akizu eta Mikel Artola.