Ia hamarkada baten buruan, senior emakumeen taldea atera du berriro Zestoa Futbol Taldeak. Aurreko saiakeran "urte bat edo bi" iraun zuen taldea, garai hartan herrian martxan zen areto futboleko taldearen bueltatik sortu zela gogoan du Josu Goikoetxeak (Zestoa, 1972), egungo taldearen entrenatzaileak. Oraingoa, berriz, kadete mailako azken urteetan lehiatzen ari ziren jokalari batzuen ekimenaren bultzadari esker jaio da. Horietako bi dira Leire Uranga (Zestoa, 2003) eta Oihane Goikoetxea (Zestoa, 2002). Urangak eta Goikoetxeak ez dute kasik aurreko talde seniorraren oroitzapenik gordetzen. Jokalariek zein entrenatzaileak nahi dute, hori bai, talde berriak ibilbide luzeagoa egin ahal izatea.
Gipuzkoako Gorengoen ligan hasi dira lehiatzen zestoarrak; mailarik baxuenean, alegia. Zazpina taldez osatutako hiru multzotan banatuta hasi dira jokatzen ligaren lehen fasea. Zestoarrak hirugarren multzoan daude, Amaikak Bat, Eibar, Elgoibar, Leintz Arizmendi Aloña eta Intxurrerekin batera. Lehen fasearen amaieran, multzo bakoitzeko sailkapeneko lehendabiziko lau taldeek igoera fasea jokatzeko txartela eskuratuko dute, eta gainerakoek kopa jokatuko dute. Bi jardunaldi jokatu ditu dagoeneko Zestoak: lehen partida hutsean berdindu zuten, Elgoibarren kontra, etxean; bigarrena, berriz, 4-2 galdu zuten, Leintzen zelaian. Bihar Iraetako futbol zelaira itzuliko dira, hirugarren jardunaldiko neurketan Alegiko Intxurreri aurre egiteko, 11:00etatik aurrera.
Seniorretan, ezinbestean
Herrian bertan futbolean jokatzen jarraitu ahal izateko nahiak eta beharrak bultzatu ditu Zestoako futbolari gazteak talde berria sortzeko pausoa ematera. Jubenilen ligarik ez dago gaur egun Gipuzkoan; beraz, kadeteetan jokatzeko adina gainditzen duten jokalariek senior mailara jauzia egitea beste aukerarik ez dute, futbolean jokatzen jarraitzea nahi izanez gero. Egoera horretan zegoen joan den denboraldian Oihane Goikoetxea: "Aurreko urteetatik zetorren talde seniorra ateratzeko gogoa eta asmoa, baina ez zuten lortzen. Joan den denboraldian, berriz, kadeteetan jokatzen ari ginen bost baginen talde berria sortzeko indarrak batzeko pronto, eta taldetik kanpo ere bazeuden gogoa zuten beste batzuk. Beraz, aurrera egin eta taldea ateratzea lortu dugu, azkenean".
Hemeretzi jokalari ari dira talde berrian, eta ia denak, hamazazpi, dira zestoarrak; lehendik ere Zestoan jokatzen zuten bi azpeitiarrek osatzen dute taldea. "Herriko jendearekin moldatu gara. Batzuek lana egiten dute, beste batzuk ikasten ari dira; batzuetan ezin dute etorri, beste batzuetan bai, eta asteburuetan txandaka ibiltzea ere tokatzen zaigu, baina moldatzen gara partidetarako taldea osatzeko", azaldu du entrenatzaileak. "Talde gaztea" dela nabarmendu dute Goikoetxeatarrek eta Urangak: 16 eta 22 urte artean dabil jokalarien adina, eta 17, 18 eta 19 urtekoen multzoa da handiena.
Ateak irekita
Azkoitian, Azpeitian, Zumaian, Zarautzen, eta orain, Zestoan ere bai. Eskualdean senior mailan horrenbeste talderi eusteko adina jokalari ba al dagoen galdetuta, baietz erantzun dute, aho batez, Goikoetxea eta Uranga jokalariek. "Lanarekin-eta kostatu egiten da, eta kanpoan ikasten ari direnentzat ere ez da erraza. Baina gogoa baldin badago...". Eta gogorik ez zaie falta, ez, Zestoako futbolariei. Orain artekoarekin "oso gustura" daudela dio Urangak eta "taldean oso giro ona" dutela nabarmendu du Goikoetxeak.
"Jokalariei zenbaterainoko presioa jartzen zaien ere kontuan hartu behar" dela deritzo Josu Goikoetxeak. "Gure asmoa da 16-17 urterekin futbola uztera behartuta dauden neskei jokatzen jarraitzeko aukera ematea. Batzuek ostiraletan bakarrik daukate entrenatzea, beste batzuek asteazkenetan bakarrik, baina asteburuetan normalean guztiek ahal dutenez, etortzea eta jokatzea, ez uztea". Taldeari "jarraipena ematea" dute aurrera begirako asmo nagusia. Zestoan bertan "harrobia" badagoela diote, baina "futbolean jokatzeko gogoarekin dagoen edonorentzat ateak irekita" dituztela azpimarratu nahi dute.