Nafarroako uholdeek eragindako kalteak konpontzeko dirulaguntza ematea onartu du Zestoako Udalak

Urola Kostako Hitza 2019ko urriaren 3a

Udal Gobernuak aurkeztu zuen mozioa joan zen ostegunean egindako udalbatzarrera, eta zinegotzi guztiek babestu zuten proposamena; Zestoako Udalak elkartasuna adierazi die euriteek kolpatutako udalerriei, eta 300 euro bideratuko ditu zonaldea berreraikitzen laguntzera.

Kalte handiak eragin zuten uholdeek uztailean. (Eitb)

Joan zen uztailaren 9an Nafarroako erdialdean izandako uholdeek sortu zituzten kalteak konpontzen laguntzeko, Zestoako Udalak elkartasuna adierazi die euriteek kolpatutako udalerriei, eta 300 euro emango dizkie zonaldeko azpiegituren eta zerbitzuen berreraikuntzan laguntzeko.

Joan zen ostegunean egindako udalbatzarrean onartu zuen Zestoako Udalbatzak dirulaguntza ematea, aho batez. "Tafalla eta Erriberako udalek dirulaguntza eskatu dute, eta elkartasuna adierazteko egokia iruditu zaigu hirurehun euroko laguntza ematea, nahiz eta sinbolikoa izan. Edonori toka dakioke", esan zuen Mikel Arregi alkateak. Udaleko zinegotzi guztiek bozkatu zuten Udal Gobernuak proposatutako mozioaren alde, eta han jasotzen denez, herritarrei gonbidapena luzatu die auzolan ekonomikoan parte har dezaten, horretarako zabalik dauden kontu korronteetan ekarpenak eginez.

Zestoako Udalak azpimarratu du euriteek "gogor kolpatu" zutela Nafarroa erdialdeko hainbat herri, hala nola Tafalla, Erriberri, Puiu, Beire, Pitillas eta Orbaibar. Kalte material handiak eragiteaz gain, 25 urteko gazte bat hil zela gogoratu du, eta haren familiari elkartasuna adierazi dio udalak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide