Eskualdeko lau aizkolari Euskal Herriko Lehen Mailako Aizkora Txapelketari ekiteko prest dira

Urola Kostako Hitza 2019ko urriaren 3a

11 aizkolari ariko dira lehian, tartean Mikel Larrañaga, Eneko Otaño, Julen Alberdi 'Txikia' eta Luis Txapartegi. Sailkapen saioa zapatuan izango da, Gasteizen, eta denbora onenak lortzen dituzten sei aizkolariak igaroko dira urriaren 27ko finalera.

Ate joka da Euskal Herriko Lehen Mailako Aizkora Txapelketa, eta eskualdeko hainbat aizkolari lehiari ekiteko prest dira. 11 aizkolarik larunbatean jokatuko dute kanporaketa Gasteizko Foruen plazan (18:00), eta sei aizkolari sailkatuko dira finalera.

Mikel Larrañaga azpeitiarra, Eneko Otaño beizamarra, Julen Alberdi Txikia azkoitiarra eta Luis Txapartegi aizarnarra ariko dira lehian, Aitzol Atutxarekin, Iñaki Azurmendirekin, Ugaitz Mugertzarekin, Jesus Mari Mujikarekin, Jon Rekondorekin, Iker Vicenterekin eta Ruben Saralegirekin batera, eta horiek guztiek 54 ontzako, 60 ontzako eta 72 ontzako bina enbor ebaki beharko dituzte.

Lan horiek egiten denbora onena lortzen duten sei kirolariak igaroko dira finalera. Finala ere Gasteizen izango da. Urriaren 27rako jarri du hitzordua Euskal Herriko Herri Kirol Federazioak; 12:00etan hasiko da lehia, Gasteizko Iradier Arenan.

Azken bost urteetan jarraian Aitzol Atutxa dimoztar aizkolariak jantzi du Euskal Herriko txapela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide