Zestoako Gaztelekuak eta Barbantxo aisialdi taldeak ostegunean ekingo diote ikasturteari

Urola Kostako Hitza 2019ko urriaren 1a

Ikasturtea hasteko, gaztetxoen proposamenak jasoko dituzte Gaztelekuko hezitzaileek. Dena den, dagoeneko zehaztuta dituzte hainbat ekintza, hala nola patata tortilla egiten ikasteko tailerra eta Bost Baietz! jolasa. Barbantxokoek ere prest dituzte ikasturte berriko ordutegiak.

Ostegunean, urriaren 3an, hasiko da ikasturte berria Zestoako Gaztelekuarentzat nahiz Barbantxo aisialdi taldearentzat. Gaztelekuko ikasturteari hasiera emateko, erabiltzaileen proposamenak jasoko dituzte Gaztelekuko hezitzaileek, gero ikasturtean zehar proposamen horietan oinarritutako programazioa osatzeko. Aurreratu dutenez, Gaztelekua ostegunetan, ostiraletan eta larunbatetan irekiko dute. Ostegunetan hirugarren zikloko ikasleeentzat izango da irekita, eta ostiraletan eta larunbatetan, berriz, DBHkoentzat.
 
Gaztetxoen proposamenak jasoko dituzten arren, dagoeneko zehaztuta dituzte hainbat ekintza. Besteak beste, Gu Sukaldari egitasmoaren barruan, patata tortilla egiten ikasteko tailerra eta Bost Baietz! jolasa egingo dituzte datozen egunetan. Honako hau da urrirako prestatu duten egitarau zehatza:
  • Urriak 3, osteguna: gaztelekuaren irekiera eta proposamenak jaso, hirugarren ziklokoentzat.
  • Urriak 4, ostirala: gaztelekuaren irekiera eta proposamenak jaso, DBHkoentzat.
  • Urriak 17, osteguna: Bost baietz! gaztelekuan, 3.ziklokoentzat.
  • Urriak 25 eta 26: Gu Sukaldari: patata-tortila, gaztelekuan, DBHkoentzat.
  • Urriak 31, osteguna: Gu Sukaldari: patata-tortila, gaztelekuan, hirugarren ziklokoentzat.

Barbantxo aisialdi taldea, prest

Barbantxo aisialdi taldeak ere ostiralean hasiko du ikasturtea. Barbantxo haurren heziketan eragin nahi duen aisialdi taldea da. Jolasaren bitartez, haurren arteko harremanak sustatu nahi dituzte, euskararen erabilera indartu, haurrei taldean integratzen lagundu, naturarekiko errespetua sustatu... Hamabostean behin eskainiko dituzte saioak Zestoan, Aizarnan eta Arroabean. Zestoako saioak 6-9 urte bitartekoei zuzenduta egoten dira, eta Aizarna eta Arroabeakoak, 3 urtetik gorakoei. Ostiral honetan, Zestoa eta Aizarnan izango dira; bietan, 17:00-18:00 bitartean Kultur Etxean; urriaren 11n Arroabearen txanda izango da, 17:00etan 3-5 urtekoentzat eta 18:00etan 6 urtetik gorakoentzat.

Ostiralean, hilaren 4an, Kutxa baten istorioa kale-antzerkia izango da haur eta familientzat, Zestoako Kiroldegi aurrean, Trotamundos konpainiak eskainia. Emanaldia 18:00etan hasiko da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide