Eskerrak emanez zabaldu dizkiote eskola berriaren ateak Arroabeko auzoari

Ihintza Elustondo 2019ko irailaren 21a

Arroabean eskola berria martxan dago irailaren 9az geroztik, eta hori ospatzeko, ekitaldia egin dute gaur auzoan. Esker hitzak izan dira nagusi, aspaldiko eskaria gauzatu delako eta auzotarren, gurasoen eta erakundeen lanari esker izan delako hori posible. Jende ugari bertaratu da ekitaldira, eta ondoren, eskola berria bisitatzeko aukera izan dute guztiek. 

Eskolako haurren gurasoek hartu dute lehenik hitza. "Eskerrak eman nahi dizkiegu borroka honetan era batera edo bestera lagundu duten guztiei. Zenbat gaztain erre festa, zenbat bilera, zenbat kamiseta berde eta banderola... horiek denek fruitua eman dute. Prozesu honen motorra guraso elkarteko zuzendaritzako kideak izan izan dira. Bereziki, haiek nahi ditugu eskertu. Horien ondoan, eskolak berak, irakasleek eta gure haurrek emandako laguntza ere ezinbestekoa izan da. Gainontzeko gurasoak ere ondoan izan ditugu, bakoitzak egoki ikusi duen intentsitatearekin. Prozesu luzea izan da, baina beti sentitu ditugu auzotarrak alboan. Bilerak, eskaerak, idatziak... denetarik egin dugu. Auzo txiki bateko guraso talde bat administrazo talde erraldoi batekin harremanetan aritu da, eta lan horretan ondoan izan dugu Zestoako udala", adierazi dute. Eskola berria izanagatik, erronka berriak ere badituztela aipatu dute. "Eskolak 900 metro koadroko jolastokia du, ia hutsik dagoena, eta guk patio hori kolore ezberdinez janzteko moduan ikusten dugu. Baditugu zenbait ideia horren inguruan". 

Eskola berria lortzeko prozesu luze horretan, Arroan eskola berria orain izan dute lelo auzotarrek. Arroabeko parkean dagoen kartela, lelo hori jasotzean duena, ikur bezala erabili dute azken urteotan, eta auzoko paisaian erabat txertatu da. Dena dela, eskola berria lortuta, zaharkituta gelditu da kartel hori, eta gaur, ekitaldia aprobetxatu dute ikur hori kentzeko. "Eskola berria daukagu, eta gure poza adierazi nahi dugu", azaldu dute. Txalo zaparrada batekin amaitu da hitzartzea.

Eskola berrira bisita

Segidan, guztiak eskola berria ezagutzera joan dira. Arantxa Osa zuzendariak hartu du hitza bertan, Mikel Arregi Zestoako alkatea ondoan zuela. Osak bere poza adierazi nahi izan du. Hala ere, atzera begira jarri eta prozesua konplikatua izan dela gogorarazi du. "Lau agintaldi eman ditugu eskola berria eskatzen". Borroka luzea izanagatik, urteetako aldarrikapenak "merezi" izan duela esan du. Eskola "ederra" dela adierazi du, eta "aukera pila bat" ematen dituela. Eskola "ikaragarria" izanagatik, gauza bat gogorarazi nahi izan du zuzendariak: Arroabekoa eskola txikia dela. "Eskola txiki bat gara, baina garrantzitsua. Gora Arroabeko eskola eta gora eskola txikiak!", esanez amaitu du hitzartzea. 

Jarraian, umeek puzzle bat osatu dute, eskola zaharraren eta berriaren arteko desberdintasunak irudikatuz. Segidan, hamaiketakoa izan da bertaratu diren guztientzat.

Hona hemen gaurko argazkiak:

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide