Zestoako Bainuetxeko langileek bide juridikoa hartzea erabaki dute

Urola Kostako Hitza 2019ko irailaren 20a

Lan baldintza duinak eskatzeko, protestan ari dira Zestoako Bainuetxeko langileak. Orain arteko saiakerek funtzionatu ez dutela eta, bide juridikoa hartzea erabaki dute. Elkarretaratzea egingo dute datorren asteartean.

Lan baldintza duinak eskatzeko protestak hasi zituzten abuztuan Zestoako Bainuetxeko langileek, eta orain beste pauso bat ematea erabaki dute. "Bainuetxean dugun egoera larria sindikatuetako zerbitzu juridikoarekin eta komitean aztertu ondoren, oinarrizko eskubideen urraketen egoera hau juridikoki aurrera eramatea erabaki dugu", azaldu dute. "Enpresak joan den urtean sinatutako hitzarmenarekin duen jarrera eta ikuskaritzari zer-nolako kasua egiten dioen ikusita" hartu dute langileek erabakia.

Komiteak azaldu duenez, era askotara saiatu dira gatazka konpontzen: "Idatzizko eskaeren bidez, sinadurak bilduta, Precora joanez, ikuskaritzan salaketa jarrita, mobilizazioak eginez, prentsaren bidez egoera kaleratuz". Egoera konpondu ez dela ikusita, "aukera bakarra" gelditzen zaiela ondorioztatu dute: bide juridikoa hartzea.

Dena den, bien bitartean ez direla geldirik egongo azaldu dute komiteko kideek: "Oinarrizko eskubideen urraketek irauten duten bitartean, borrokatzen eta mobilizatzen jarraituko dugu. Enpresaren intentzioa zein den ikusi dugu, bere helburua gure hitzarmena alde batera utzi eta bainuetxea prekarietatearen etxea bihurtzea dela ere ohartu gara".

Errealitate horren aurrean, komiteko kideek elkarretaratzea egingo dute datorren asteartean, irailak 24, bainuetxearen aurrean, 15:30etik 17:00etara.

"Lan baldintza duinik ez"

Zestoako Bainuetxeko langileek lan egutegirik ez dutela salatu dute, eta duten lan kargaren bolumena nahiz ordezkapenetarako edo bajetarako dituzten zailtasunak ere bai. Langileen esanetan, 2016tik ari dira lan egutegirik ez dutela salatzen Gipuzkoako Lan Ikuskaritzan: "Ikuskaritzak isunak jartzen dizkio enpresari behin eta berriz, baina hurrengo urtean gauza bera egiten du; argi dago, isunak ordaintzea ez zaio axola enpresari". Beharginek esan dutenez, egutegia izatea "ezinbestekoa" da, lana eta bizitza pertsonala kontziliatzeko eta enpresaren esklabu ez bilakatzeko. Dena den, egutegiarena ez da salatzea nahi duten arlo bakarra, langileek adierazi dutenez. "Lan karga itzelak ditugu. Gainera, bajak, ordezkapenak… ez dira kubritzen, eta gero eta langile gutxiago gaude lan bera egiteko. Horrez gain, ezin aipatu gabe utzi gero eta langile gehiagok hartzen dutela baja lan kargen eta lesioen ondorioz; horrek gure bizitzaren kalitatean eragin zuzena dauka, eta bezeroek nabaritu egiten dute”.

Tres Mares SA enpresak kudeatzen du Zestoako Bainuetxea, eta enpresa horrek urteetan "gogor kolpatu" dituela salatu dute langileek. "Oraindik ondo asko gogoratzen dugu zuzendaritzak, Raxoiren 2013ko lan erreforma baliatuta, enpresa hitzarmena sinatzera eta soldatak %15 jaistera behartu zituela langileak, hotelaren itxierarekin mehatxatuta". Langileek protesta ugari egin zituzten iaz lan hitzarmena berritzeko, eta uztailean lortu zuten aurreakordioa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide