Eskola berriaren irekiera ospatzeko eta eskertzeko ekitaldia egingo dute larunbatean Arroabean

Urola Kostako Hitza 2019ko irailaren 18a

Sakulupe Guraso Elkarteak 11:00etan jarri du hitzordua, eskola zaharreko jolasgunean. Ondoren, eskola berriko ateak irekiko dituzte, nahi duen orok egoitza berria ezagutu dezan.

Irailaren 9an, ikasturte berriaren hasierarekin batera, ireki zuten Arroabeko eskolaren egoitza berria. Ikasleak eta irakasleak etxe berrira egokitzen ari diren honetan, Sakulupe Guraso Elkarteak egindako bidea eta lortutako emaitza ospatzea eta, era berean, eraikin berria lortzeko prozesu luzean partaide eta eragile izan direnei eskerrak emateko hitzordua jarri du larunbaterako.

"Urteetako borrokak fruitua eman du, eta ez genuke nahi prozesu hori besterik gabe amaitzea, oharkabean pasatzea. Gurasoei, auzotarrei, udalari eta abarri inplikazioa eskatu diegu, eta orain eskerrak emateko garaia da", diote guraso elkartekoek.

Hilaren 21ean, eskola zaharreko jolasgunean elkartzeko gonbita egin diete Sakulupekoek aipatutakoei eta nahi duten herritar guztiei, prestatu duten "ekitaldi xumea" egiteko. Hangoak bukatu ondoren, eraikin berriaren ateak irekiko dituzte, nahi duen orok eskola berria ezagutzeko aukera izan dezan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide