Zestoan irakurle taldea osatuko dute ikasturte honetan ere. Hilean behin liburu bat irakurri beharko dute partaideek, eta ondoren, taldean, giro lasaian, liburu horretaz hitz egingo dute. "Irakurketa jardun bakartia izan ohi da, eta taldean partekatzeak aukera ematen du irakurritakoari mami gehiago ateratzeko", azaldu du Danele Sarriugarte idazleak. Hark gidatuko ditu saioak, eta tarteka, idazleak ere gonbidatuko dituzte.
Era askotako liburuak irakurri eta landuko dituzte irakurle taldean. Hona hemen egutegia:
-Urriak 17. Munduko tokirik ederrena (Iñigo Aranbarri).
-Azaroak 21. Zimurrak (Paco Roca).
-Abenduak 19. Neguko argiak (Irati Elorrieta).
-Urtarrilak 16. Han ez banengo bezala (Slavenka Draculik).
-Otsailak 20. Disoluzio agiriak (Jose Luis Otamendi).
-Martxoak 19. Obabakoak (Bernardo Atxaga).
-Apirilak 30. Kontrako eztarritik (Uxue Alberdi).
-Maiatzak 21. Etsaiak, lagunak, ezkongaiak, maitaleak, senar-emazteak (Alice Munro).
Interesatuek dagoeneko eman dezakete izena irakurle taldean. Partaide kopurua mugatua izango da, eta ezarritako kopurua gainditzen bada, izena emateko ordena kronologikoa errespetatuko dute taldea osatzerakoan. Izan ere, iaz "arrakasta" izan zuen taldeak, antolatzaileen arabera. Izena emateko, honako helbide honetara mezu bat idatzi beharko da, izen-abizenak eta telefonoa adieraziz: kultura@zestoa.eus. Izena emateko epea irailaren 20an, ostirala, amaituko da, 14:00etan.