Ikasgeletan bertsolaritza landuko dute berrio Zestoan. Udalak hitzarmena egin du Zestoako herri eskolarekin eta Aizarnako eta Arroabeko eskolekin, Bertsolaritza Ikasgelan programa berreskuratzeko. Bertsoa sustatzea eta euskarazko ahozkotasuna indartzea dira programa horren xede nagusiak.
"Orain dela urte batzuk egiten ziren saio hauek Zestoako herri eskolan eta Aizarnakoan, baina bertan behera geratu ziren", azaldu du udalak. Orain, berriz, berreskuratu eta zabaldu egingo dute Bertsolaritza Ikasgelan, Zestoan eta Aizarnan ez ezik, Arroabean ere emango dituzte-eta saioak.
Ekainean udaleko eta ikastetxeetako ordezkariek egin zuten bilera batean eskatu zuten ikastetxeetakoek bertsolaritzaren gaineko programa berreskuratzea, udalak jakinarazi duenez, eta udako oporraldiaren ostean egindako bigarren bileran lotu dute hitzarmena. Horren arabera, ikaskurte honetan jarriko dute martxan egitasmoa eta egungo udal agintaldia bukatu arte mantenduko dute. Lehen Hezkuntzako 3. zikloko ikasleek ordubeteko saio bat izango dute bi astean behin, Erniarraitz bertso elkarteko bertsolari baten eskutik.