Gaur goizean jokatu dute Akoako Bira mendi lasterketa, Zestoako Akoa auzoan. Hamalaugarren urtez egin dute proba, eta korrikalariek 7,8 kilometroko ibilbidea osatu behar izan dute, 10:30ean Santutxutik abiatuta. Guztira, 120 lagunek parte hartu dute proban, eta Igon Manzisidor debarra (29:30) eta Ainara Urrutia aretxabaletarra (37:45) izan dira helmugara iristen aurrenak. Gizonezkoetan, Xabat Manzisidor azpeitiarra izan da bigarrena (29:52), eta Mikel Olaizola azpeitiarra hirugarrena (32:43). Emakumeen kasuan, berriz, Anie Mendia hondarribiarra (38:53) sailkatu da bigarren postuan, eta Tanit Perez de Leceta donostiarra hirugarrenenean (39:19). Helmugan Zestoako lehen emakumea Ainhoa Canseco izan da eta lehen gizonezkoa Sathya Paz. Helmugaratzen Akoako lehena, berriz, Garikoitz Lopetegi izan da eta azkena Udane Cabanillas.
Lasterketa nagusiaren ostean, Akoa Txikia proba egin dute dozenaka haurrek, eta, ondoren, ohi bezala, asto lasterketa jokatu dute. Astoekin nahikoa lan izan dute hainbat partaidek, baina azkenean, iaz bezalaxe Iñaki Albizu zestoarra nagusitu da asto lasterketan. Proba guztiak amaitzean, sari banaketa egin dute, eta Akoako baserrietakoek emandako produktuen hainbat zozketa egin dituzte antolatzaileek. Jende ugari elkartu da Akoan, eta bero egin duen arren giro ederra sortu da.
Akoako 14. Birako sarituak
Gizonezkoetan
1. Igon Manzisidor (Deba): 29:30
2. Xabat Manzisidor (Azpeitia): 29:52
3. Mikel Olaizola (Azpeitia): 32.43
4. Ander Garmendia (Azpeitia): 32:52
5. Iker Lobo (Deba): 32:58
Emakumezkoetan
1- Ainara Urrutia (Aretxabaleta): 37:45
2. Anie Mendia (Hondarribia): 38:53
3. Tanit Perez de Leceta (Donostia): 39:19
4. Alazne Irureta (Aizarnazabal): 39:42
5. Mari Karmen Seijas (Azkoitia): 40:20
Beste sariak:
- Goikoetxeko M.B.n aurrena: Tanit Perez de Leceta
- Lehen beteranoak: Jorge Mendia (Hondarribia) eta Mercedes Carbonell (Gandia)
- Gazteetan aurrenak: Anas Meftah (Zumaia) eta Eneritz Aramendi (Azpeitia)
- Zestoako aurrenak: Sathya Paz eta Ainhoa Canseco
- Erdiko postuan sartu dena: Jon Arrue (Aizarna)
- Akoako aurrena: Garikoitz Lopetegi
[flickr_set id="72157710850673586"]