Ehundik gora partaide espero dituzte etzi jokatuko den Akoako Biran

Urola Kostako Hitza 2019ko irailaren 13a

97 partaide ziurtatuta daude dagoeneko. Animatzen direnek oraindik eman dezakete izena proban: gaurko 20:00 arte eman daiteke kirol aretoan, eta bihar iluntzera arte Interneten.

Etzi jokatuko dute Akoako Bira, Zestoako Akoa auzoan, hamalaugarren urtez jarraian. Momentuz, Interneten 87 lagunek eman dute izena, eta kirol aretoan, hamar bat korrikalarik. Antolatzaileek 150 laguneko muga jarri ohi dute lehian, baina normalean, kopuru horretara ez direla iristen azaldu dute. Dena den, ehundik gora lasterkari espero dituzte igandeko proban.

Animatzen direnek oraindik eman dezakete izena Akoako Biran. Kirol aretoan gaurko 20:00 arte eman daiteke izena, eta herrikrosa.eus atarian, bihar iluntzera arte izango da horretarako aukera. Izen-ematea bost euro kostatzen da, baina probaren egunean, dortsala jasotzerakoan, dirua itzuliko dute antolatzaileek.

Ohi bezala, 10:30ean hasiko da proba, Santutxutik, eta antolatzaileek aurreneko bost sailkatuei sariak banatuko dizkiete. Era berean, parte hartzaile guztiek opari bana eta hamaiketakoa jasoko dute, eta hainbat zozketa ere egingo dute. Dutxa zerbitzua ere eskainiko dute.

Helduen lasterketa amaitzean, bestalde, umeen txanda izango da. Izan ere, 6 eta 12 urte bitarteko haurrek Akoa Txikia lasterketa egingo dute. Asto karrerak ere egingo dituzte, hamabigarren aldiz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide