Zestoako Festa Batzordea datorren asteazkenean, irailak 18, bilduko da aurtengo jaien ebaluazioa egiteko. 19:00etan izango da bilera, eta edonork izango du bertan parte hartzeko aukera.
Besteak beste, ekitaldi nagusienak errepasatuko dituzte, eta hausnarketa egingo dute horien inguruan: parte hartzaile kopurua, antolaketa –arazoak, hurrengo urterako kontuan hartzeko gauzak…–, giroa, ondo joan diren ekimenak eta mantendu behar direnak, hobetu beharreko ekitaldiak edo gauzak... Horrez gain, Festa Batzordearen funtzionamendua ere aztertuko dute: bilera kopurua eta egutegia, parte hartzaileen kopurua eta profila, lanerako ardura banaketa... Gainera, jaien balantze ekonomikoaren berri emango dute.
Udalaren arabera, bilera hori "oso garrantzitsua" izaten da datorren urterako kontuan hartu beharreko gauzak identifikatzeko, eta horregatik, bertan parte hartzeko "ahalegin berezia" egiteko eskatu diete herritarrei.