Arroabean Eskola berria orain! dioten idatziak irakur daitezke oraindik hormetan. Pixka bat harago, ordea, marroi eta berde koloreko eraikin handi bat dago, parke batek inguratuta, pintadek eskatzen duten aldarria gauzatu dela erakusten duena. Ume batzuk dabiltza auzoko frontoian jolasean, eta eskola berriagatik galdetuta, irribarretsu diote lehengoaren aldean "ederra" dela. Auzo guztia dago pozik, Arroabean urteetan aldarrikatutako eskola berria martxan dagoelako gaur eta orain.
Auzotarren eta gurasoen urteetako borrokaren ostean, Eusko Jaurlaritzako kontratazio mahaiak 2018ko otsailean sinatu zuen Altuna y Uriarekin eskola berria eraikitzeko akordioa. Han jasotakoaren arabera, 2019ko apirilerako amaituta behar zuten lanek; dena dela, atzerapenak tarteko, abuztuaren 29an eman zituzten amaitutzat obrak. Oraindik "azken ukitu" batzuk egiteko daude, baina irailaren 9an, astelehenean, ateak zabaldu zituen eskola berriak.
2 urtetik 12 urtera bitarteko 57 ikasle daude Arroabeko eskolan, Haur Hezkuntzatik Lehen Hezkuntzako seigarren mailara artekoak. Lehen, eraikin batetik bestera ibili behar izaten zuten ikasle horiek, jangelara joateko edo psikomotrizitate gelara joateko, eta egun, teilatupe berean dituzte zerbitzu guztiak. Arantxa Osa eskolako zuzendariaren arabera, "ikaragarria" da lorpen hori. "Orain arte errepidea gurutzatu behar izaten genuen jangelara edo psikomotrizitate gelara joateko, eta horrek sekulako arriskua eragiten zuen. Orain, lehen aldiz, denok teilatupe berean gaude, eta oso positiboa da hori".
Aldaketa nagusiena hori izango bada ere, beste hainbat berrikuntza txertatu dute eraikin berrian. Osak dioenez, garrantzi handia eman diote energia aurrezteari, eskola eraikitzeko garaian. "Ondo isolatu dute eraikina; sentsoreen bidez pizten dira argiak eta zabaltzen dira iturriak, eta inori ez zaio ahaztuko argia piztuta edo iturria zabalduta; eguzki plaka batzuk ere jarri dituzte, eta horien funtzioa ura berotzea izango da; kristal bikoitzeko leihoak jarri dituzte...". Eskolako zuzendariaren arabera, gauza asko hartu dituzte kontuan: "Oso argitsua da eraikina, eta irisgarritasuna ere bermatuta dago, dena solairu bakar batean baitago".
Hainbat berrikuntza
Obrari dagozkion xehetasun horiez aparte, proiektu berriak ere jarriko dituzte martxan Arroabeko eskolan. Horien artean, berrikuntza handi bat txertatu dute: irrati bat jarriko dute martxan. Irratiarentzako espazio fisikoa badago dagoeneko eraikinean, baina haren funtzionamendua zehazteko dute oraindik. "Ikasleek bideratuko dute saioa, irakasleak bidelagun dituztela. Ahozkotasuna eta euskara lantzea da gure helburua, eta ikasturte honetan posible ikusten dugu irratia martxan jartzea", azaldu du Osak. Gainera, ingurumena lantzeko aukera ere izango dute ikasleek, lurrarekin harreman zuzena izanda. Izan ere, baratze batzuk jartzea aurreikusten dute eskolan.
Berrikuntza dezenterekin hasi dute ikasturtea, beraz, Arroabean. Orain, pixkanaka, egoera berrira ohitzea tokatzen da. "Prozesu bat izango da, poliki-poliki garatzen joango garena. Oso baldintza onetan hasi dugu ikasturtea, eta aukera horiek aprobetxatzen eta egunerokoan txertatzen joango gara", dio Osak.
Borroka baten emaitza
Emaitza polita izatea bezain garrantzitsua da horren atzean egon den urteetako lana. Jende asko inplikatu da eskola berria gauzatzeko bidean; gurasoez gain, baita auzoa ere. "Behar bat zegoen, eta aspalditik ari ginen eskola berria eskatzen, nahiz eta, agian, azken urteetan aldarria ozenago entzun den. Orain, behar horri erantzun bat eman zaio. Orain, esan dezakegu Arroabeak baduela eskola berria. Martxan dago eskola, eta ilusio handia dugu. Ea umeak pozik ikusten ditugun, eta umeak pozik baldin badaude, gu eta familiak hala egongo gara. Uste dut ibilbide polit bat egiteko moduan gaudela eskola berriarekin", esan du Osak.
Nabaria da auzotarrak pozik daudela. Borroka batek fruituak ekarri dituela ikustea beti baita atsegingarria. Eta zeresanik ez arriskuak saihestu direla eta haurrak eskola duin batean daudela jakitea. Beraz, hainbeste urteetako eskariaren ostean, iritsi da hormetako pintadak ezabatzeko unea.
Hona hemen eskola berriaren irudi gehiago:
(Argazkiak: Ihintza Elustondo eta Arroabeko eskola)