Kirol Mahaia osatzeko lehen bilera antolatu dute Zestoan

Urola Kostako Hitza 2019ko irailaren 10a

Zestoako Kirol Mahaia osatzeko lehen bilera egingo dute irailaren 19an, 19:00etan hasita, udaletxeko pleno aretoan.

Zestoako Udalak kiroldegi berrituaren ate irekietan jakinarazi zuen Kirol Mahai bat sortzeko asmoa zuela, eta bide horretan lanean hasteko lehen urratsak zehaztu dituzte dagoeneko. Hain zuzen ere, lehen bilera antolatu dute, irailaren 19rako. 19:00etan elkartuko dira, udaletxeko pleno aretoan.

Herriko kirol sailen arteko komunikazioa hobetzeko eta herrian egiten diren jarduerak eragileen artean ondo koordinatzeko helburuarekin jarriko dute martxan Kirol Mahaia. Kirol sailez gain, Ekain guraso elkarteak eta Gurutze jubilatuen elkarteak ere izango dute ordezkaritza bertan.

Lehen bilerak hainbat helburu izango du: batetik, Zestoako Kirol Mahaia bera osatzea, eta bestetik, kirol azpiegituren egungo egoera aztertzea eta eskaini beharreko kirol zerbitzuak adostea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide