https://youtu.be/BzRf0H_oLaU
Polybius eta Haxotz taldeek irekiko dute ostiralean, 22:00etan hasita, Arkupehotsak egitasmoaren hirugarren edizioa. Azpeitiko Sanagustin kulturguneko arkupea musikari berrien plaza bihurtuko da edizio berri honetan ere, hilabetero, Kulturaz kooperatibak sustatzen duen egitasmo honen bidez. Urriaren 4an Txost! eta Maddi oholtzaratuko dira arkupean, eta azaroaren 29an Habi eta Agian taldeak. Abenduan geldiunea egin ondoren, urtarrilean ekingo diote berriro egitasmoari; datorren urte hasieran beste hiru kontzertu izango dira, oraindik zehazteke daudenak.
Horrez gain, Arkupehotsak egitasmoan izena eman zuen Saia Goait taldeak Soziedad Alkoholika taldearekin jotzeko aukera izango duela ere aurreratu dute antolatzaileek, azaroaren 9an. Sanagustingon agertoki nagusian.
Egokitzapenak eta berrikuntzak
"Aurreko edizioetatik ikasitakotik abiatu eta soinu berrien plaza eraginkortzeko zenbait egokitzapen" egin dituztela azaldu dute Kulturazekoek. "Besteak beste, izen-emate epea irekia da –data kontuan hartuko bada ere–, kontzertuen promozio bideoak grabatuko dira, eta, lehengo hedapen bideez gain, kontzertuetako bideoak Hamaika Telebistan ere eskainiko dira". Promozio bideoen sail berriko aurrena da, hain zuzen ere, Polybius Zestoako taldearekin haien entsegu lokalean grabatu dutena (goian).
Eushal Herriko musika proiektu edota talde berriak programatzeaz gain, "sentsibilizazioa, sormen prozesua, publiko berrien sustapena eta formazioa ere xede" ditu Azpeitiko Kultur Mahaiaren kooperatiba ondutako Arkupehotsak egitasmoak. Azpiegitura eta baliabideak ere egokitu dituzte horretarako, Sanagustinen bertan Arkupea agertoki txikia sortuta. 2015ean hasi ziren kulturguneko alboetako batean dagoen arkuan agertoki formatu berri bat atontzen eta sortzaile berriei plaza eskaintzen. "Formatu horrek gertutasun gehiagorekin eta modu dinamikoagoan musika, antzerki edo bestelako kultur adierazpenak plazaratzea ahalbideratzen du. Orain, gainera, oholtza finkoa jarri da arkupean", nabarmendu dute antolatzaileek.