Umeak nagusi Zestoan, amabirjinetako azken egunean

Urola Kostako Hitza 2019ko irailaren 9a

Azken orduetan sartu dira aurtengo Amabirjin festak eta gaur, jaien azken egunean, haurrak dira protagonista nagusi Zestoan. Umeen Eguna ari dira ospatzen bertan, eta herriko gaztetxoenei zuzendutako ekitaldiak jaun eta jabe dira egitarauan.

Goizean, haurren udalbatzak hartu du herrian agintea, eta eguneko txupinazoa bota ondoren, eguerdi partean ponien eta zezen txikien bueltan egin dute festa herriko plazan (argazkietan). Umeen eta gurasoen bazkaria etorri da gero, eta 16:30etik aurrera altxorraren bila jolasean ibiliko dira herrian zehar haurrak, 18:30ean frontoi zaharrean apar festari ekin aurretik.

Umeek nahikoa jolas egin ondoren, amabirjinak dantzan agurtuko dituzte aurten ere zestoarrek. Hirugarren urtez jarraian, zahagi dantzarekin kalejiran ibiliko dira 20:00etatik aurrera, Erdikalean hasi eta plazan bukatuz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide