Zestoako amabirjinak azken txanpan sartu dira. Atzoko Kuadrillen Egunak utzitako ajeari aurre egiteko, Amabirjin eguna ospatu dute gaur, igandea, zestoarrek, eta jai giroak ez du etenik izan. Goizean, Zestoako dultzaineroen dianarekin esnatu da eguna. Ondoren, Zestoako Musika Bandak eta Idiakaitz txistulari taldeak kalejira egin dute, Goizeko izarra martxaren doinuekin kaleak alaituz. Eguerdian, eguraldiak ez du lagundu, eta euria tarteko bertan behera utzi behar izan dute Kutxa baten istorioa kale-antzerkia. Saioa hasi aurretik ateri zegoenez, haur eta guraso ugari bertaratu da Laranjadi plazara Trotamundos konpainiaren kale antzerkiaz gozatzera, baina artistek minutu gutxi batzuk soilik egin dituzte oholtzan, euri zaparradak berehala hartu baitu plazan.
Zestoako Musika Bandaren kontzertuak jendetza elkartu du udaletxeko arkupeetan, eta dozenaka herritarrek gozatu dute bandak eskainitako pasodobleen doinuez. Arratsaldean, amabirjinetako bigarren zekorketa eta Gurea, kultura ekimenaren barruko mural margoketa izan dira. Gazte ugari animatu da Alonderoko aldapan marraztu duten horma irudia margotzera. Kolorez josi dute horma, eta aldarri bat ere jarri dute: Izan aske, izan sorgin. Frontoi Zaharrean, berriz, afizionatuen arteko pilota partidak jokatu dituzte.
Eguna amaitzeko, Joxe Mari Orbegozoren Dantzaki eskolako aretoko dantzen erakustaldia izango da Laranjadin, eta emanaldi horren ostean, 23:00etan, Olatz Salvador bakarlariak kontzertua eskainiko du Laranjadi plazan bertan eguna goxo borobiltzeko.
Hona hemen gaurko egunez Zestoan hartutako argazki bilduma:
Bihar, astelehena, amaituko dira Zestoako amabirjinak. Hona hemen azken egunerako prestatu dituzten ekintzak:
09:00. Zestoako dultzaineroen diana.
10:00. Idiakaitz txistulari taldearen diana.
11:00. Haurren udalbatzarra.
Ondoren, Erdikalean hasita, haurren udalbatzarekin, udaltzainekin, buruhandiekin eta abarrekin kalejira, Pasai txarangak lagunduta.
12:00. Umeek txupinazoa botako dute udaletxetik. Aldi berean, Pasai txaranga ariko da.
12:30. Lopeneren zezen bolaztatuak eta poniak, umeentzat eta gaztetxoentzat.
14:30. Umeentzat, gaztetxoentzat eta gurasoentzat bazkaria.
16:30. Altxorraren bila 3 urtetik gorako umeentzat eta gaztetxoentzat, Laranjadin. Umeen gunea, Eztiola kalean.
18:30. Apar festa, frontoian.
Ondoren, Zahagi dantza eta Pasai txaranga.