Javier Gaztañagak irabazi du XXI. Gipuzkoako Ardi Txakur Txapelketa

Urola Kostako Hitza 2019ko irailaren 7a

Festa giroa nagusi izan da arratsaldean ere Zestoan. Eguerdian egindako paellarekin herri bazkarian elkartu dira dozenaka lagun, eta ohi bezala, kuadrillen arteko jolasek hartu dute plaza arratsaldean. Giro paregabean aritu dira gazteak jolasean, eta umorerik ez da falta izan txaranga doinuen eta herritarren animoen artean.

Batzuek parrandan, beste batzuk ardi txakurren abileziei so. Gustu guztietarako amabirjinak ari dira ospatzen herrian, eta horren erakusle izan da arratsaldean jokatu duten XXI. Gipuzkoako Ardi Txakur Txapelketa. Dozenaka lagun elkartu dira hura ikusteko, baina giro lasaiagoa nagusitu da futbol zelai zaharrean. Hanako sei parte hartzaile lehiatu dira: Peio Segurola eta Argi (Matxinbenta), Jose Luis Saizar eta Sai (Zarautz), Mikel Garaiar eta Argi (Narrondo), Jose Antonio Arrillaga eta Txiki (Elgoibar), Javier Gaztañaga eta Artzai (Antzuola), Peio Segurola eta Txiki (Matxinbenta). Aurten, Antzuolara joan da txapela, Gaztañagak eta haren txakur Artzaik lortu baitituzte puntu gehien; 262, guztira. Atzetik, Saizar-Sai eta Segurola-Txiki sailkatu dira, 252 eta 206 punturekin, hurrenez hurren.

Atzo, ostirala, hasi ziren amabirjinak Zestoan, Zestoako Odol Emaileen eskutik, eta astelehenera arte jaiek ez dute etenik izango. Bihar, Amabirjin egunean, honako egitarau hau izango dute herritarrek:

09:00. Zestoako dultzaineroen diana.
10:00. Idiakaitz txistulari taldearen diana.
11:00. Zestoako Musika Bandaren eta Idiakaitz txistulari taldearen kalejira, Goizeko izarra martxaren doinuekin.
12:00. Meza nagusia.
12:00. Kutxa baten istorioa kale-antzerkia haurrentzat eta familientzat, Laranjadi plazan, Trotamundos konpainiak eskainia. Fidel eta Capulita bizitzan zehar kutxa batekin ibiltzen diren bidaiari, ameslari eta lagunak dira. Malabare pilotak, hula hoops-a eta kutxa dira erabiltzen dituzte umorezko zirku istorioan.
13:15. Zestoako bandaren kontzertua.
17:30. Herriko bandaren, dultzaineroen eta txistularien kalejira, bigarren zekorketa iragarriz.
18:00. Bigarren zekorketa. Toreatzailea, Miguel Andrades Alcantara. Ordezkoa: Mario Sanchez Rosado. Ganadutegia: Adolfo Rodriguez Montesinos (Oropesa, Toledo, Espainia). Ondoren, Lopene ganadutegiko zezen bolaztatuak.
18:00. Mural pintaketa Alonderoko aldapan, Gurea Kultura egitasmoaren barruan.
18:30. Afizionatuen arteko pilota partidak frontoi zaharrean: Olaizola – Salegi II / Odriozola – Alonso. Gurrutxaga – Aranguren / Adonis – Salegi I
19:00. Banda Erdikalean.
20:00. Joxe Mari Orbegozoren Dantzaki eskolako saloi dantzen erakustaldia, Laranjadin.
23:00. Olatz Salvador, Laranjadi plazan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide