Zestoarrak hasi dira Amabirjin jaiez gozatzen. Herriko Odol Emaileen Elkarteko kideek txupinazoa botatzearekin bat hasi da, eguerdia pasatxo zela, astelehena arte etenik izango ez duen festa giroa. Jaietako lehen suziria piztu aurretik, odol emaileen eta odola ematearen garrantzia azpimarratu du elkartearen ordezkarietako batek. "Odola ez da erosten, ez da saltzen. Eman egiten da", esan du, herritarrak horretan parte hartzera gonbidatuz. Zestoako Odol Emaileen Elkarteak aurten 50 urte bete ditu, eta hori ospatzeko ekitaldiak hil honen 27an egingo dituztela azaldu dute gaur udaletxeko balkoitik, festarako gonbidapenarekin batera jaietako lehen suziria piztu aurretik.
Suziri nagusiaren ondoren gehiago etorri dira, odol emaileen ordezkariek txandaka bota dituztenak, eta Zestoako bandera eta ikurrina zabaldu dituzte udaletxeko balkoi nagusian. Jarraian, Idiakaitz taldeko txistulariek eta Zestoako Bandak musikaz bete dituzte kaleak, umeak eta gaztetxoak buruhandi txikien ihesi/atzetik zebiltzan bitartean. Ustekabe txarangak hartu du gero herriko musikarien txanda.
Arratsaldean, besteak beste, aurtengo lehen zekorketa eta EH Sukarra eta Rukula taldeen kontzertuak izango dituzte. Hau da datozen orduetarako prestatua duten egitaraua:
16:30. Puzgarriak eta giza-futbolina, Kultur Etxearen aurrean.
17:30. Herriko bandaren, dultzaineroen eta txistularien kalejira, lehen zekorketa iragarriz.
18:00. Lehen zekorketa. Toreatzaileak: Joao D’Alva. Ordezkoa: Fernando Gonzalez Caballero. Ganadutegia: Adolfo Rodriguez Montesinos (Oropesa, Toledo, Espainia). Ondoren, Lopene ganadutegiko zezen bolaztatuak.
Ondoren, Zestoako Banda Erdikalean.
18:00. EH Sukarra eta Rukula taldeen kontzertuak, geltoki zaharrean, Gurea Kultura egitasmoaren barruan.
20:00. Tximeleta taldea, Laranjadi plazan.
22:00. Pilota jaialdia. Jaka – Bikuña / Etxeberria – Ladis Galarza. Altuna – Rezusta / Irribarria – Zabaleta.
23:00. Tximeleta taldea, Laranjadi plazan.
Hemen, berriz, gaur eguerdiko argazkiak: