Zestoako Odol Emaileen Elkarteko kidea

Nerea Aiastui: "Zestoan gero eta herritar gehiagok ematen du odola"

Ane Olaizola 2019ko irailaren 5a

Aurten, Zestoako Odol Emaileen Elkarteak izango du festetako suziria botatzeko ardura. Atzoko eta gaurko boluntarioak igoko dira bihar udaletxeko balkoira, eta horietako bat da Nerea Aiastui (Deba, 1973) Zestoako bizilaguna.

Amabirjinetan txupinazoa botako du Zestoako Odol Emaileen Elkarteak. Nola jaso duzue horretarako aukera?

Normalean, Festa Batzordeak proposatzen du jaietako txupinazoa nork bota. Taldeak eskatu zigun amabirjinetako suziria guk botatzea, eta erantzun genien lehen elkartean ibilitakoek gehiago merezi zutela udaletxeko balkoian egotea. Izan ere, egun elkartean gabiltzanok duela hiru urte eta erdi batu ginen taldera. Aurretik, ordea, batzuk 30 urtetik gora aritu ziren elkartean lanean, eta horrenbestez, haiek botako dute suziria. Dena den, gu ere han ibiliko gara saltsan.

Zenbat urte daramatza lanean zuen elkarteak?

Aurtengo abuztuaren 23an 50 urte bete dira herrian lehenengoz odol ateraldia egin zutenetik, eta orduko boluntario batzuk egongo dira balkoian. Aurreneko kideak 10 bat urte egon ziren elkartean, eta ondoren batu zirenek 20 urtez egin zuten lan; batzuek 30 ere bai. Duela urte batzuk, elkarteak kide berriak, gazteak, behar zituen, ordura artekoek uzteko gogoa zutelako. Orduan batu nintzen ni elkartera, beste bi lagunekin batera.

Zenbat odol emaile daude egun Zestoan?

Bi hilero egiten ditugu odol ateraldiak Zestoan, eta aldiro, batez beste 50 bat lagun etortzen dira odola ematera.

Herrian odola ematen dutenen kopuruak zer joera izan du azken urteetan?

Gero eta herritar gehiagok ematen du odola Zestoan. Duela hiru urte, taldera batu ginenean, gogotsu geunden, eta kanpaina gisako bat egin genuen herritarrak odola ematera animatu nahian. Hori dela eta, azken boladan odol emaile berriak lortu ditugu, eta horrez gain, urteetan odola eman gabe zegoen jendea berriz hasi da etortzen. Zentzu horretan, gora egin dugu.

Nola lortu duzue jendea erakartzea?

Whatsappa, esaterako, sarri erabiltzen dugu, eta horrek asko lagundu digu, batez ere, gazteengana iristeko. Izan ere, betiko odol emaileak beti etortzen dira, baina gure asmoa da jende berriarengana ailegatzea eta horien jarraikortasuna bermatzea. Hori da benetako erronka.

Askotan esaten da odola emateko gazteak falta direla. Zestoan ere behar hori ba al dago?

Bai. Gazteak hasita daude odola ematen, baina oraindik profil horren falta sumatzen dugu. Urtean hiru aldiz eman dezakete emakumeek odola, eta gizonezkoek, lau alditan. Beraz, jende asko behar da odol ateraldiak epe luzean bermatzeko.

Zenbat lagunek osatzen duzue Zestoako Odol Emaileen Elkartea?

Gaur egun bost lagun aritzen gara Zestoan lanean. Herriko anbulatorioan egiten ditugu odol ateraldiak 18:00etatik 20:00etara bitartean, eta elkarteko boluntarioak ordubete lehenago joaten gara hara, lekua prestatu behar izaten baitugu erizainek esku-oheak jar ditzaten. Gainera, odola ematen dutenei zerbait jateko ematen diegu, eta hori ere aurrez prestatzen dugu.

Horrez gain, odola atera behar dutenei txandak banatzen hasten gara 17:00etan. Odol emaileen datu basea ere osatzen joaten gara aldiro.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide