36ko gerra garaiko hiru obus atera dituzte Arroagoiko Balzola jauregitik

Urola Kostako Hitza 2019ko irailaren 4a

Joan den ostegun arratsaldean joan ziren bertara Ertzaintzaren artezilariak, etxekoen deia jaso ondoren. Jauregia ez ezik, iguruko etxebizitzak ere hustu egin zituzten, lehergailu zaharrak eraman aurretik.

Arratsalde-iluntze mugitua izan zen abuztuaren 29koa Arroagoiko bizilagunentzat. Herri kaskoko hainbat etxebizitza eta herri etxea hustu egin zituen Ertzaintzak, plazaren gain aldean dagoen Balzola jauregian lehergailuak topatu zituztela eta artezilariak haiek atera behar zituztela eta. Ertzaintzak 19:30ean jaso zuen deia, Balzola jauregiko ganbaran lehergailu zaharrak topatu zituztela esanez, eta 21:00 aldera bukatu zituzten poliziek Arroagoian egin beharreko lanak.

Ertzaintzak jakinarazi duenez, 36ko gerra garaiko hiru obus dira joan den ostegunean Balzola jauregitik atera eta eraman zituztenak. Polizia iturriek argitu dute lehergailuak desaktibatzeko lanik ez zutela egin tokian bertan; obusak jaso eta eraman egin zituzten, beste toki batean desaktibatzeko.

Orain kendu dituzten lehergailuen berri bazuten lehendik hainbatek Arroagoian, horrela adierazi diote bizilagunek UROLA KOSTAKO HITZAri, baina joan den astean jauregian zeudenek ez, nonbait. Del Valleko duke eta Balzolako markesaren familiarena da Arroagoiko jauregia, eta udan eta opor garaian erabiltzen dute gaur egun.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide