Amabirjinetan afizionatuen pilota partidak berreskuratuko dituzte Zestoan

Urola Kostako Hitza 2019ko irailaren 4a

Igandean, Amabirjin egunean, gazteen eta nagusien partida bana jokatuko dituzte frontoi zaharrean arratsaldean, 18:30etik aurrera.

Kiroldegiko frontoian egingo den profesionalen urteroko jaialdia ez ezik, aurten pilotari afizionatuen jaialdia ere egingo dute Zestoako amabirjinetan, "garai zaharretan bezala". Zestoako Pilota Elkarteak antolatuta, udalaren babesarekin, igande arratsaldean izango da hitzordua frontoi zaharrean. "Jakinekoa da garai batean gure pilotaleku zaharrean herriko jaietan egunero izaten zirela pilota partidak", azaldu dute pilota elkartekoek, eta garai bateko ohitura hori berreskuratu nahi izan dute, neurri batean, Amabirjin egunean jokatuko dituzten partidekin.

Irailaren 8an, "zezenketak amaitu orduko", 18:30etik aurrera, bi partida ikusteko aukera izango da Gurutzeagako pilotalekuan. Lehendabizikoa gazte mailakoa izango da, eta Odriozola eta Alonso Olaizolaren eta Elosegiren kontra ariko dira bertan. Jaialdiko partida nagusian, helduen mailakoan, Adonis-Aranguren eta Juaristi-Uzkudun bikoteek neurtuko dituzte indarrak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide