Rural Zombies taldeak musika ibilbidea "bertan behera" utziko duela iragarri du

Urola Kostako Hitza 2019ko ira. 4a, 10:50

Zestoako taldeak azaldu duenez, "erabaki gogorra eta tristea" izan da. "Batzuetan gure benetako lanbide, bizitza zein beharrizanek taldeari eskaini nahi dioguna baino denbora libre gutxiago uzten digute", adierazi dute Rural Zombieseko musikariek ohar bidez.

Zestoako Rural Zombies musika taldeak bere agurra iragarri du gaur, asteazkena, sare sozialetan zabaldu duen ohar baten bidez. Zestoako musikariek oharrean azaldu dutenez, beren musika ibilbidea bertan behera uztea "erabaki gogorra eta tristea" izan da. Jakinarazi dutenez, musikari eskaintzeko denbora falta izan da arrazoi nagusienetako bat: "Gu ez gara musikari profesionalak, eta batzuetan gure benetako lanbide, bizitza zein beharrizanek taldeari eskaini nahi dioguna baino denbora libre gutxiago uzten digute. Taldeak merezi duela uste dugun maila mantentzeko adinako denborarik ez digute uzten gure eguneroko behar horiek, eta horregatik, erabaki arrazoizkoena taldearen ibilbideari amaiera ematea dela erabaki dugu". 

Julia Urreagak (ahotsa), Luken Etxeberriak (gitarra), Marcos Perezek (baxua), Aratz Etxeberriak (bateria) eta Manu Rodriguezek (gitarra) osatzen dute Rural Zombies. Beren musika ibilbideak bi disko eta dozenaka kontzertu utzi ditu. Taldeak agurra iragarri duen arren, hainbat kontzertu eskainiko ditu datozen hilabeteotan. Urriaren 5ean Donostiako Daba-daban eskainiko dute zuzenekoa Ezpalak taldearekin batera. Urriaren 12an Bilbao Exhibition Centerren (BEC) ospatuko den  Imagin Gaztea jaian izango dira, Izarorekin eta Belakorekin batera. Urriaren 25ean, berriz, Madrilgo Moby Dick aretoan izango da Rural Zombies, eta No Wolf taldearekin elkarbanatuko du oholtza.

Hona hemen Rural Zombisek taldearen agurra iragartzeko idatzitako mezua osorik:

"Agur esateko gatoz.

Rural Zombiesek bere musika ibilbidea bertan behera uztea erabaki duela jakinarazi nahi dizuegu. Erabaki gogorra zein tristea da, baina bizitzak batzuetan horrelako gauzak dakartza. Gu ez gara musikari profesionalak, eta batzuetan gure benetako lanbide, bizitza zein beharrizanek taldeari eskaini nahi dioguna baino denbora libre gutxiago uzten digute. Taldeak merezi duela uste dugun maila mantentzeko adinako denborarik ez digute uzten gure eguneroko behar horiek, eta horregatik, erabaki arrazoizkoena taldearen ibilbideari amaiera ematea dela erabaki dugu.

Ondorengo hauek azken kontzertuak izango dira zuei agur esan eta gure esker ona adierazteko. Urte hauetan eman diguzuen guztia eskertu nahiko genuke agurreko kontzertu hauetan, nahiz eta zuen eskutik jaso duguna ezin izango dizuegun sekula itzuli.

Gure ibilbidean bidelagun izan eta taldeari beren ekarpena egin dieten guztiei ere gure eskerrik beroena adierazi nahi diegu.

Eskerrik asko guztiagatik. Ahaztezina izan da".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide