Eskualdeko lau sagardotegik parte hartuko dute Euskal Herriko V. Sagardo Txapelketa Herrikoian

Urola Kostako Hitza 2019ko irailaren 3a

Aiako Satxota eta Izeta sagardotegiek nahiz Zestoako Ekainek eta Azpeitiko Añotak parte hartuko dute lehian. Lau finalaurreko eta finala izango dira; finalaurrekoetako bat, hirugarrena, Orion jokatuko da hilaren 20an.

Azpeitian egin zen txapelketaren lehen edizioko irudia.

Irailarekin iritsiko da Euskal Herriko V. Sagardo Txapelketa Herrikoia, eta eskualdeko lau sagardotegik parte hartuko dute lehian: Aiako Satxota eta Izeta sagardotegiek nahiz Zestoako Ekainek eta Azpeitiko Añotak. Aurtengo edizioan lau finalaurreko egingo dituzte, eta ondoren finala. Guztira, 41 sagardotegi izango dira V. Sagardo Txapelketan.

Lehen kanporaketa, Adunakoa, hilaren 13an izango da; bigarrena, Lizartzakoa, irailaren 14an; hirugarrena, Oriokoa, irailaren 20an; eta laugarrena eta azkena, Zornotzakoa, hilaren 21ean. Finala, berriz, Ergobian (Astigarraga) izango da, irailaren 28an.

Herritarrek finalaurreko horietan epaimahai lanak egin ahal izango dituzte; izan ere, afaritara joaten diren herritarrek sagardoak dastatzeko eta horiei puntuazioa emateko aukera izango dute. Dagoeneko salgai daude finalaurrekoetarako eta finalerako txartelak, 26 euroren eta 32 euroren trukean, hurrenez hurren. Informazio gehiago, honako lotura honetan eskura daiteke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide