Aurreko asteburuan motorrak ondo berotu ondoren, ostiralean botako dute Zestoan aurtengo Amabirjinetako txupinazoa. Astelehena arte, festa giroa nagusi izango da herrian, baina lau egun horietarako prestatu duten egitarauz gain izango da bestelako zerbitzurik eta arretagunerik ere.
Besteak beste, eraso sexisten aurkako protokoloa martxan izango da jaietan Zestoan, eta horren barruan, estrainekoz, 'telefono morea' deritzona ere bai. Bargaztak talde feministak eta udalak elkarlanean prestatu duten ekimena da, "erasoren bat gertatuko balitz bertara deitu eta erasotua artatzeko". Aurrez auzoetako jaietan ere erabilgarri izan dute udalak helburu horrekin eskuratutako zenbakia. 615 768 980 da, hain zuzen ere, eraso sexistei aurre egiten laguntzeko jarri duten zenbakia, eta amabirjinek irauten duten bitartean 24 orduz egongo da martxan.